Hendaia (Lapurdi)

"Euskal jendarteak" bestelako "migrazio politikak" nahi dituela uste dute Korrikako auzipetuek

Baionako auzitegiak 2024ko Korrikan migratzaileak muga pasatzen laguntzeagatik auzipetutakoak errugabetu izana garaipen politikoa eta kolektiboa dela adierazi du J’accuse kolektiboak.

"Euskal jendarteak" bestelako "migrazio politikak" nahi dituela uste dute Korrikako auzipetuek
'J'accuse' kolektiboko sei auzipetuak, Avenida zubian egindako muralaren aitzinean. EKINKLIK ARGAZKIAK
Erredakzioa
2026/02/23 08:52

Bi urteko auzitegietako zikloa garaipen batekin itxi izana ospatzeko hitzordua emana zuten joan den larunbatean Hendaia eta Irunen arteko Avenida zubian. Eta bertan, oraindik ere zutik den Frantziako Aduanen postu zaharrean, "Frontière" dioen ikurra ezabatu eta mural koloretsu bat margotu zuten, "Ongi etorri errefuxiatuak", "Elkartasuna ez da delitua" eta "migrazio politiken" aurkako hainbat mezurekin. Eñaut Aramendi errugabeturiko ekintzailearentzat, herritarrengandik jaso duten babesa eskertzeko modua batetik, eta Korrikako ekintzaren eta bi urteko auzibidearen marka uzteko aukera bisuala bertzetik.

Avenida zubiko aduana postu zaharrean egindako horma-irudia. EKINKLIK ARGAZKIAK

Garaipen juridikoaz gain, batez ere politikoa eta kolektiboa izan dela azpimarratu zuten J'accuse kolektibokoek, pertsona edo egitura ezberdinengandik jasotako babesa eskertuz. Izan ere, iragan udaberri eta udan egindako auto-inkulpatze kanpainan 5.000 herritar baina gehiagok adierazi zuten haiek ere migratzaileei muga pasatzen lagundu izan dietela. Halako kanpaina politiko bat sortu izana ospatzekoa dela iritzi du Eñaut Aramendik.

Avenida zubian horma-irudia egitearekin, aitzina begira ere pertsona migratzaileen eskubideen alde lanean jarraitzeko engaiamendua erakutsi dute. Hala, oraindik erabaki gabe dute J'accuse kolektibo gisara zer segida izanen duten, baina heldu diren hilabeteetan bilduko dira horretarako, Aramendik azaldu duenez. Anartean, gaiaren inguruan lanean diharduten elkarte eta eragileetan inplikatuak jarraituko dutela gehitu du: "beharrez gero mobilizatuko gara, eta beste ekintza batzuk egiteko prest gaudela". Borrokak, behin baina gehiagotan errepikatu zuten moduan, "merezi baitu".

Interesgarri izanen zaizu