Bi urteko negoziaketaren ondotik, Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinkontua 400.000 euroz emendatzea adostu zuten atzo, behar diren 2,6 milioi eurotik urrun. Gogor egin du EEPko bazkideen aurka Konfederazioak.
Atzoko EEPren Biltzar Nagusiak ez ditu bazterrak lasaitu. Gaur eguerdian Euskal Konfederazioak hedatu duen prentsa ohar batean argi utzi du aurrekontu berriari buruz egiten duen irakurketa: "Ez da aski!".
2023an EEPko zerbitzuek egin zuten azterketak azaldu zuen 2,6 milioi euro gehiago behar dituela erakundeak lana behar bezala egiteko; behar denaren %16 bertzerik ez dute lortu. Euskal Hirigune Elkargoa ez bertze hiru bazkideekiko kritiko mintzatu da Konfederazioa: "Beste behin erakutsi dute ele ederretatik harago ez dutela den mendreneko urratsik egiteko asmorik".
"Peko errekarako bidean"
Konfederazioak oroitarazi du EEPk iaz 2050era begirako bide-orria aurkeztu zuela, zeinetan ordurako Ipar Euskal Herriko biztanleen %30 euskalduna izatea nahi duen. Horretarako, haatik, baliabideak behar dira, eta atzo bertan Maider Behotegi lehendakariak onartu zuen aurrekontu berriak ez duela halako helbururik ahalbidetuko. Eta datuekin jarraitu du Euskal Konfederazioak: 2004an, EEP sortu zenean, Ipar Euskal Herriko lau biztanletik bat euskalduna zen, orain berriz, bostetik bat besterik ez da. Euskara "peko errekarako bidean" dela ohartarazi dute.