Euskal Zinema 2005-2025. Hasiera bat liburuan tarte horretan sortutako 1.267 filma artxibatu eta ikertu dituzte, bertze hainbat ikerlerekin batera. Bihar aurkeztuko dute liburua Hazparnen.
Euskal filmak, izan luze edo labur, fikzio edo dokumental ikustea gero eta arruntagoa da, oraindik zinemetako eta streaming plataformetako eskaintza urria izan arren. Baina zehazki, zenbat filma ekoizten dira? Eta nolakoak dira? Samara Velte eta Josu Martinez Euskal Herriko Unibertsitateko ikerleek gaiari heldu diote, eta bertze hemeretzi lankiderekin "Euskal Zinema 2005-2025 Hasiera bat" liburua ondu dute. Urriaren 17an, Hazparneko Et'abar ostatu-liburudendan aurkeztuko dute bi editoreek, 18:00tan.
Bertan, lehen atal batean sorkuntza kopuruari buruzko zenbakiak lantzen dituzte Veltek eta Martinezek, eta bigarren zatian, hemeretzi ikerle horien eskutik, euskal zinemari loturiko hamabost gai sakondu dituzte. Bertzeak bertze, Moriarti ekoiztetxekoen sormen-unibertsoa ikertu du Nekane Zubiaurrek, Euskal zinema Ipar Euskal Herrian Graxi Irigaraik, edo euskarazko filmen finantzaketa Patxi Azpillagak.
Bi oinarri sendotan oinarriturik hasi zuten lana. Bata, euskal zinemaz ari direnean, euskarazko zinemaz ari direla, eta Josu Martinezek justifikatu: "Euskal literatura bada, jarri nahi duzuna, Antton Luku; baina inork ez luke erranen Marie Darrieussecq euskal literatura egiten duen idazle bat denik, Baionan sortua izan arren". Hala, euskaraz mintzatu edo idazterakoan, "ebidentea" da idazleentzat euskal zinema euskaraz egindako zinema dela.
Beste oinarria, euskal zinema hori 2005ean sortu zela. Azalpen historikoa du honek, Martinezek zehaztu duenez, aurten 70 urte baitira lehen euskarazko filma izan zen Gure sorlekua estreinatu zenetik. Geroztik, 1970 eta 1980ko harmarkadetan izan ziren hainbat filma, izan herrigintzatik edo Eusko Jaurlaritzaren sorrera garaian instituzioetatik bultzatuak, baina "salbuespenak izan dira 2005era arte euskaraz egin diren filmak", Martinezen hitzetan. Geroztik, alta, halako erregulartasun bat izan da, eta urtero fikziozko luzeren bat edo bertze izan da, eta hamarka fikziozko film labur eta dokumental ekoiztu dira euskaraz.
"Zenbat filma behar genituzke herri euskaldun bat izateko? Ba beharko genuke egunero zinema karteldegietan euskarazko filmak egotea, frantsesezkoak edo espainolezkoak badiren bezala" - Josu Martinez
Oinarri hauetatik abiaturik beraz, 1.267 film zenbatu dituzte hogei urtean. Asko? Gutxi? Erantzuteko zaila da Josu Martinezentzat, baina norberak bere hausnarketa egiteko gako bat eman du. Iaz, hedabideok zinemaren loraldi gisa sailkatu genuen urte batean, fikziozko film luzeak, hots, zinemetara edo streaming plataforma handietara iristeko aukeraren bat izan dezaketenak, sei izan ziren. Martinez: "Gutako bakoitzak urte osoan euskaraz sei filma bakarrik ikustea zer da? Anitz edo gutxi? Denak ikusiko bagenitu, biziki gutxi da. Eta urte osoan film bakarra euskaraz, euskaraz bizi nahi baldin badugu, hori zer da ba? Oso gutxi. Zenbat filma behar genituzke herri euskaldun bat izateko? Ba beharko genuke egunero zinema karteldegietan euskarazko filmak egotea, frantsesezkoak edo espainolezkoak badiren bezala. Eta ez bakarrik karteldegietan, baizik eta streaming plataformetan, telebistetan eta gainerakoetan".
Kopuruez harago, euskal zinemak jorratzen dituen gaiak ere aztertu dituzte Josu Martinezek eta Samara Veltek sortu duten datu-basean, baita bertze ikerleen entseguetan ere. Hala, euskal zinema gaien aldetik anitza dela baieztatzen du Martinezek, eta bide horretan jarraitzeko beharra azpimarratzen: "euskal zinemak izan behar du gero eta anitzagoa, beste edozein zinematografia anitza den bezala". Are, zinegile batzuek euskal gaiak bezala ikus daitezkeenetatik ihes egiteko joera dutela ere badela azaldu du, euskal filmik sarituenetakoa den Loreak aipatuz. Aldi berean, Euskal Herrian bereziki errotuak diren filmak ere izan badira eta behar direla uste du, Handia edo berak zuzenduriko Bizkarsoro bezalakoak. Oreka hori topatu behar dela argi du: "Herri normal batek denetarikoak behar ditu filmak; euskarak ere denetariko pelikulak behar ditu".