Ezin ulertua dela Jean-Marie Girier, kargua utzi berri duen Pirinio Atlantikoetako prefetaren jarrera gaitzesten du Antton Kurutxarri Elkargoko Hizkuntza Politikarako lehendakariordeak. Elkartasun osoa adierazi die Sara eta Baionako herriei.
Paueko auzitegi administratibotik pasatu ziren Baiona eta Sarako hautetsiak agorrilaren 11an. Bi herriko kontseiluek hartu erabakiaren kontra jarri zen Jean-Marie Girier, kargua utzi berri duen prefeta eta auzitaratu ditu. Euskara lurraldeko hizkuntza gisa aitortzeak koofizialtasuna gordetzen duela dio Frantziako gobernuak, bere ordezkariaren bidez. Prefetaren jarrera ezin ulertu dela salatzen du Antton Kurutxarri Baigorriko auzapezak. Hau da Hizkuntza Politikarako lehendakariordea Euskal Elkargoan.
Azpimarratu du 2018an jadanik antzeko neurri bat hartu zuela Euskal Hirigune Elkargoak euskarari aitortza ofizial bat eginez. Orduan, "Elkargoko zerbitzuek estatuko zerbitzuekin lan egin" zutela dio lehendakariordeak, eta prefeturak ez zuela kontra egin. Oraingoa beraz kontraerran bat dela dio, "estatua estatuaren kontra" ari dela deitoratuz.
Prefeturak salatzen duen "koofizialtasun ezkutatua" ere gezurtatu du Kurutxarrik: "Bada 45 urte abantzu Konstituzioan idatzia dela udalerriek badutela haien administrazioaren eramateko libertate osoa", eta gehitu "Elkargoaren deliberoak, Sarako deliberoak, Baionako deliberoak ez dute ofizializatzen euskara, egiten dute akta ofizial bat, non ematen dioten euskarari inportantzia".