Baiona (Ipar EH)

Euskararen aldeko deliberoak eta Itsasuko murala komentatu dituzte Euskal Elkargoko osoko bilkuran

Azken asteetako aktualitate politikoak toki handia hartu du Elkargoko osoko bilkuran larunbat honetan. Herriek hartu dituzten Euskararen aldeko deliberoez edota Itsasuko muralaz mintzatu dira hautetsi batzuk. Gai ordenari begira, eztabaida guti.

Euskararen aldeko deliberoak eta Itsasuko murala komentatu dituzte Euskal Elkargoko osoko bilkuran
Alain Iriarten hirugarren osoko bilkura zen presidente gisa. EUSKAL IRRATIAK
Antton Castoreo
2026/09/26 15:55

Hiru orduko bilkura 40 punturen bozkatzeko. Ebiakoitz honetan iragan da Elkargoko osoko bilkura. Eta gai ordenaz gain, aktualitateak ere bere tokia ukan du hitzartzeetan. Iduri luke prefetaren jarrerak ihardukitze desberdinak sortu dituela.

Euskara eta memoria: aktualitateari begira


Alain Iriart Elkargoko presidenteak sarrera gisa hartu du hitza bilkura hastapenean, eta nahi izan du aktualitatea komentatu. Herri desberdinen deliberoez ari izana da, oroitaraziz gisa bereko bozka bat izan zela ere Elkargoan 2018an. Azpimarratu du hizkuntzen aitortze horrek errealitate bat ofizialki ezagutzen duela, eta ez duela obligaziorik edo desberdintasunik sortzen herritarren artean. Euskara sostengatuz eta aitortuz, ez dela Frantsesaren estatus juridikoa zalantzan jartzen.

Bilkura erditsuan ere, aktualitateak gaina hartu dako gai ordenarenari. Isabelle Pargade Hazparneko auzapezak hitza hartu du, eta gai ordenatik urrunduz, Itsasuko murala aipatu du eta kritikatu, salatuz ere Itsasuko herriko etxearen justifikazioa: Hazpandarraren erranetan ez dira konparatzen ahal IK denborako memoria eta bigarren munduko gerlakoa. Larresoroko auzapezari nahi izan dako bere sostengua adierazi, azpimarratuz azken honek 80 hamarkadan bi atentatu jasan zituela. Alain Iriartek erantzun dako, azpimarratuz memoria eta historia horiek konplexuak zirela eta anitzak. Memoriaren inguruko komisio baten muntatzea proposatu du, hemengo eta kanpo eragile desberdin batzuekin.


Elkargoko presidenteak adierazi du gure mikroan heldu den astean Simon Fétet prefetarekin bilduko zela, eta gai horiek aipatzekoak izanen zirela.

Euskal Konfederazioko militanteak hor ziren bilkura sartzean, azaroaren manifestaldirako esku-orrien banatzeko. EUSKAL IRRATIAK


Eztabaida guti sortu duen osoko bilkura


40 puntuko gai ordenan, eztabaida edo bederen hitzartze gehien sortu duten puntuak PLH edo Etxebizitzaren Tokiko Plana eta Klima Plana izan dira.


Nicole Etxamendi, Etxebizitza eskuragarriaren arduradunak, du aurkeztu Etxebizitzaren Tokiko Plan berriaren muntatzeko egutegia. Dokumentu horrek finkatzen ditu Elkargoaren orientazio nagusiak ondoko sei urteendako etxebizitza mailan: nolako politika eraman? Ze helburu orokorrekin? Ze baliabiderekin? Bi urtez dokumentu horren osatzea proposatu du exekutiboak, arte hartan luzatuz 2021ean plantan ezarria izan zen azken PLH. Hautetsi bakar batek du kontra bozkatu: eskuin muturreko hautetsia den Pascal Lesellier-k.


Azken horrek Klima Planari buruz ere hitza hartu du: exekutiboak aurkeztu duen ondoko urteetako planak anbizio handiegiak pausatzen dituela, eta herritarren sobera behartzeko arriskua azpimarratu du. Alderantziz, Ana Ezcurra Miarritzeko ezkerreko hautetsiarendako, plan hori ez doa aski urrun: karbono neutraltasuna aldarrikatu beharko luke. Azkenean, Klima Plana bozkaturik izan da, abstentzio bakar batekin: Pascal Lesellierena.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu