Euskararen Kriseilua Urruñan eta Azkainen, familian euskararen erabilera sustatzeko

Euskararen Kriseilua ekimena abiatu dute Urruñan eta Azkainen, familian euskararen erabilera sustatzeko, 168 haurrek parte hartuta, eskola eta etxearen arteko zubia indartuz.

Euskararen Kriseilua Urruñan eta Azkainen, familian euskararen erabilera sustatzeko
Iaz ere antolatu zuten Euskararen Kriseilua ekimena Urruñan. URRUÑAKO HERRIKO ETXEA
Esteban Bastié Aguerre
2026/01/12 07:00

Urtarrilaren 5ean abiatu da Euskararen Kriseilua ekimena Urruñako eta Azkaineko eskoletan. Taupa Euskalzaleen Mugimenduak bultzatutako proiektua da, eta aurten bigarren urtez antolatu dute Urruñan eta Azkainera ere zabaldu dute ekimena. Urruñan eta Azkainen, eskola publiko, pribatu eta ikastoletako ikasleek parte hartzen dute ekimenean, eta guztira 168 haurrek hartu dute parte aurten Euskararen Kriseiluan .

Hilabete osoko ekimena

Hilabete batez luzatuko den egitasmoaren bidez, haurrek kriseilu bat eramaten dute etxera, eta gurasoekin batera, euskararen erabilera handitzeko erronka ttikiak proposatzen dira egunerokoan. Ione Josie Urruñako euskara teknikariak azaldu digun bezala, proiektuak eskola eta etxearen arteko zubia indartu nahi du, haurrek ikastetxean jasotzen duten euskararen erabilera etxeko egunerokotasunean sartuz.

Azkaineko eskola publikoko irakasle Beñat Biscayk azpimarratu duenez, egitasmoak haurrak ez ezik, gurasoak ere laguntzen ditu euskaraz praktikatzeko. Haren ustez, haurrak handitzen diren heinean, askotan haustura bat gertatzen baita gurasoen inplikazioan, eta horrelako proiektuek eten hori apaltzen lagun dezakete. Ekimena jada aurkeztu dute Azkaineko ikasleei, eta Sabine Irastorza irakaslearen arabera, haurrek motibazio handiz hartu dute proposamena. Internet bidezko joko eta ariketen bidez, euskararen erabilera modu ludikoan sustatzen da, etxeko giroan ere euskaraz aritzeko aukera emanez.

Horrez gain, urtarrila osoan zehar, gurasoei zuzendutako hainbat hitzordu eta ekitaldi antolatu dituzte Urruñan eta Azkainen. Informazio zehatza herriko etxeen webguneetan nahiz sare sozialetan kontsulta daiteke.

Interesgarri izanen zaizu