Duela hiru aste abiatu zen FCO3 ardien sukarra, eta orain gero eta kasu gehiago agertzen ari dira, besteak beste Garazi Baigorri eskualdean. Txertoa da horren blokatzeko manera segurrena.
Ekainean hasi ziren lehen FCO (ardien sukar katarrala) kasuak Garazi Baigorriko eskualdean eta mendian. Eritasun hunek ardiak ditu hunkitzen. Bereziki arratsetan eta gauaz agertzen diren ulitxek transmititzen diete, eta sintoma desberdinak ditu: mutur hantuak, gorriak eta zikinak, sukarra, gogordurak, ez errazki mugitzea, ez jatea... Orain arteko ezagunena FCO8a zen, behiak ere hunkitzen dituena, baina aldi honetan, FCO3a da nagusi.
Duela hiru aste Bixente Zozaya Garaziko marexalarekin mintzatu ginen, eta erran zigun ezin zela oraino epidemia hitza erabili. Orain, aldiz, egun guztiz deskubritzen dira FCO kasu berriak, eta hozka gainditua izan da. Laborari batzuek 20-30 ardi eri artean dituzte.
Hala ere, hiltze gutti gertatu da oraingoan, FCO8arekin bizpahiru egunen buruan hiltzen zirelarik. Batzuetan ardiak aste baten buruan sendatzen dira.
Txertoa, aterabide eraginkorrena
Eritasunari aurre egiteko, beharrezkoa da kasu bat agertzean odol hartze bat egitea, zoin FCO mota den jakiteko. Sukarra apaltzeko, ardiei antiinflamatorioak ematen zaizkie, eta mutturra zinez zikina badute antibiotikoak ere. Bestalde, laborari batzuk arratsetan ardiak sartzen hasi dira, ulitxek eguneko tenore horretan xixtatzen baitituzte. Intsektuen kontrako produktuak ere erabiliak dira, baina Bixente Zozayak badaki aterabide eraginkorrena txertoa dela.
FCO3aren txertoak bere eraginkortasuna frogatu du. Orokorki ardiak untsa babesten ditu; behin baizik ez da gertatu ez martxatzea. Kasu, hala ere, FCO8aren txertoak ez duelako FCO3aren kontra babesten. Oraino ez da berantegi ardien txertatzera joateko, jakinez duela bi urte FCO epidemiak abendura arte iraun zuela.