Itsasuko muralaren ezabatzearen kontrako deialdia luzatu du Gooxoan elkarteak. Prefetaren aginduari ihardukitzeko manifestazioa larunbatean abiatuko da 15:00tan. Txomin Olhagarai herritarra eta IK erakundeko militante zena omentzen du margolanak
Itsasuko bestetako igandearekin, Txomin Olhagarai itsasuar zenaren margolana estreinatu zuten. Eta iragan agorrilaren 25ean, Pirinio-Atlantikoetako prefetak erabaki zuen margolanaren ezeztatzea. 1980ko martxoan Baionan hil zen gazte itsasuarra, Ramuntxo Arruiz baigorriarrarekin batera lehergailu bat maneiatzen ari zela.
Mizel Hiribarren Itsasuko auzapezak gutuna igorri dio Simon Fétet prefetari, Txomin Olhagarai Iparretarrak taldeko kidearen omenez Sanoki gelan egina izan zen margolana ezabatzea agindu ondoan. Agorrilaren 31n errezibitu zuen gutuna herriko etxeak eta jakinarazi du harriduraz hartu duela prefetaren oharra, herriko jende anitz mobilizatu baita mende erdi lehenago gertaturikoa memoriara ekartzeko.
Simon Fétet prefetak aipatzen duen leku publikoen neutraltasunaren arauaren errespetatzeko, margolana kudeatu zuen elkartearekin urratsak abiatu dituela gehitzen du gutunean auzapezak. Margoa ezabatzen ahal duten enpresak deituko dituela adierazi du ere herriko etxeak.
Manifestazioa irailaren 12an Itsasun
Gooxoan elkarteak prentsaurrekoa antolatu du irailaren 9an margolanaren aitzinean. Salatu du Frantziako legeen bitartez, elkarteak sortu obra kentzera behartu duela herriko etxea prefetak.
Elena Etxelet Gooxoan elkarteko kidea:
Baina Gooxoanek adierazi duenez, Euskal Herriaren historia eta memoria ezabatzea ez du kausituko prefetak. Eta eskola frantsesetan irakasten ez den historia murruek erakuts dezaten nahi du Gooxoanek. Heldu den larunbatean, herritar guziak deitzen ditu elkarteak Itsasun iraganen den manifestazioan parte hartzera. Mezua argia da: "Prefeta jauna geldi zure mehatxu eta mespretxuarekin, parean izanen gaituzu!"