%230eko gainpopulazioa du Baionako presondegiak, eta 1891n eraikirik, ez da egungo erronka klimatikoetara batere egokitua. Baionako abokatuek eta OIPk egoera salatzen dute, baita usu presondegi zaindariek ere.
Baionan, 70 presorendako eraikitako espetxean 160 preso dira gaur egun. Lurrean ezarritako matalazak, hezetasuna eta leku eskasa salatzen ditu Baionako abokatuen elkarteak. Haien ustez, Frantziako estatuak egoera aldatu behar du presoen oinarrizko eskubideak bermatzeko.
Berriki salatu dute Baionako presondegiko atxikitze baldintzak ez direla duinak. Alain Larrea Abokatuen Elkarteko buruak eta bi ordezkarik martxoan egindako bisitaren ondotik aurkeztu dute txostena, gaurko Goiz Berri emankizunean eman ditu xehetasunak.
Abokatuez gain baina, OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiko kideek ere jomugan dituzte Baionako kartzelako baldintza duingabeak. Gabi Mouesca OIPko kide eta lehendakari ohiak azpimarratu du egoera ez dela Baionara mugatzen, frantses estatuko kartzela gehienetan baitira gainpopulazio arazoak. Alta, preso kopurua etengabe handitzeak egungo "egoera biziki biziki larria" eragin du: berotearekin ziega batean izatea "bizi anormala" da Mouescaren hitzetan, eta "egunero harritua" da egoera horretan presondegietan bortizkeria gehiago ez sortzearekin.
2024ean Baionako presondegira bisita egin zuen Frantziako Askatasun-ukatze lekuen kontrolatzaileak, eta orotara 28 aholku eman zizkion bere txostenean Administrazio Penitentziarioari, presoen eskubideen urratzeen harira.
Presondegien Nazioarteko Behatokiko kidea da Maite Etxeberria ere, eta hark erroko soluzioak ikusi nahi lituzke kartzeletako egoera dorpeei aurre egiteko: "Kondena alternatiboak badira baina ez dira plantan ezartzen: Baionan, 70 lekutik bost bakarrik dira erdi-askatasuneko erregimenean". Kanpoan ikastea edo lan egitea ahalbidetzen duen sistema horrek, baita eskumuturreko elektronikoak ere, kondenatutako pertsona gizartetik ez isolatzea dakar, eta kartzeletako baldintza zailak saihestea ere.
Baionako abokatuen elkartearen txostena prefetari igorria izan da presondegia berritua izan dadin edo presondegi berri baten galdegiteko. Abokatuei ere igorri diete, haiek informa ditzaten beren bezeroak azpimarratuz Frantziako estatua auzitara eramateko aukera dutela, haien eskubideak urratzeagatik.