Miarritze (Lapurdi)

Gau hotzetan, elkartasuna karrikaz karrika Gurutze Gorriarekin

Neguko hotzaren erdian, Gurutze Gorriak, karrikan bizi diren pertsonei laguntza eta entzutea eskaintzen die Lapurdiko kostaldeko hirietan. Baionatik abiaturik, boluntarioek gauero elkartasuna eramaten dute BAMeko karriketara.

Gau hotzetan, elkartasuna karrikaz karrika Gurutze Gorriarekin
Marie Claude Diriart Gurutze Gorriko laguntzailea segitu dugu Miarritzeko karriketan. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/01/12 07:00

Ipar Euskal Herriko neguko hotz planaren baitan, Gurutze Gorriak laguntza taldeak antolatzen ditu astean bost aldiz. Baionako egoitzatik abiaturik, boluntarioek kamioiak prestatzen dituzte: kafe beroa, zopa, ura, janaria eta mantak kargatu, gau hotzari aurre egiteko. Sustengu ekintzen helburua ez da soilik laguntza materiala eskaintzea. Karrikan diren pertsonekin trukatzeko une bat sortzea, entzutea eta harreman humanoa funtsezkoak dira. Behar denean, gaua aterpe batean pasatzeko aukera ere proposatzen diete.
Angelun eta Miarritzen barna, 115 zenbakira jasotako deien arabera mugitzen dira boluntarioak. Batzuetan pertsonak ez dira atzematen, edo laguntza onartu nahi ez dute, baina laguntza taldeek segitzen dute, isilean eta etengabe. Gaua amaitzean, 11ak edo 11:30ak aldera, Baionara itzultzen dira. Gurutze Gorriak gogorarazten du boluntarioen beharra beti badela, eta elkartasuna partekatzeko prest diren guztiei ateak zabalik dituztela.

Interesgarri izanen zaizu