Sartzeko berrikuntza nagusia da: kolegioetan aplikatzen zen neurria lizeoetara hedatuko da, eta zuzendari bakoitzak erabakitzen ahalko du debekua kurtso denboran aplikatzea edo kanpoaldera hedatzea.
Sartze honetaz geroz, legeak lizeoko eraikinetan sakelakoen baztertzea ekartzen du. Ipar Euskal Herriko lizeo ainitzek neurriak hartuak zituzten azken urteetan jadanik, hona Donibane Garaziko Frantseseniako zuzendari Iban Erguyk bi urteren buruan zer kanbio ikusi duen ikasleendako: "Goiz eta arratsaldeko atsedenetan ikusten da aldaketa handi bat. Telefonoa erabiltzea haizu zutenean, klaseak amaitu eta berehala lotzen ziren telefonoari, eta orain ikusten dira berriz eleka haien artean, palan, pilotan edo beste kirol batean aritzen...". Neurria martxan eman zutenean, psikologo bat jinarazi zuten lizeora, ikasle, erakasle eta gurasoak telefonoen gaiaren inguruan sentsibilizatzeko.
Telefonoa erabiltzea haizu zutenean, klaseak amaitu eta berehala lotzen ziren telefonoari, eta orain ikusten dira berriz eleka haien artean, palan, pilotan edo beste kirol batean aritzen...
Baionako Etxepare lizeoan bada lauzpabost urte urratsak emanak zituztela. Gelan sartzean sakelakoa kutxa batetan utzi behar zuten ikasleek, eta barnetegian halaber logelarekin. Baina Garikoitz Mujika lizeoko zuzendariaren arabera, urrunago joan behar litzateke: "Sare sozialen gehiegizko erabilera jendarteko arazo bat da, ez dut uste fokua gazteengan jarri behar denik. Eta horregatik tresna horiek erabiltzea debekatua den eremuak babesguneak edo arnasguneak dira, denok eskertzen ditugu aurrez-aurreko harremanek garrantzia hartzen duten tokiak". Hala, ikastetxeetatik harat ere, logelak telefonorik gabeko leku izendatzea babestu du Mujikak, "loaren eta biziaren kalitatea" hobetuko lukeelakoan.
Oroitaraz dezagun lizeo bakoitzak bere neurriak moldatzen ahal dituela. Kasu berezietan edo erakasleak galdeginez geroztik baizik ez dute gailu teknologikorik erabiltzen ahalko ikasleek. Lizeo bakoitzeko zuzendariak debeku hori moldatzen ahal du, hala nola eraikinetan debekatu eta kanpoan onartu, eta abar.