Gironda eta Landetako suteen kaltetuekiko elkartasuna antolatu da Ipar Euskal Herrian ere

Lapurdiko bost udalerri prest agertu dira material bilketan laguntzeko eta herriko langileak suteek kaltetu guneetara igortzeko. Plan xuria aktibatu du Nafarroa-Euskal Kostaldea Ospitale Taldeak.

Gironda eta Landetako suteen kaltetuekiko elkartasuna antolatu da Ipar Euskal Herrian ere
Astebetera bidean da Girondako sutea. SDIS 33
Aimar Lopez Erasun
2026/07/28 10:21

Astebete eginen da bihar Girondako sutea piztu zenetik, eta Landetakoa bere bosgarren egunean "finkatua" bada ere, ondorio latzak eragin dituzte biek. Hala, asteburuan plan xuria aktibatu zuen Lapurdiko kostaldeko ospitale publikoak, Donapaleuko ospitalea eta Garaziko Osasun Erakunde Publikoa biltzen dituen Nafarroa-Euskal Kostaldea Lurraldeko Ospitale Taldeak. Horri esker, langile gehienak mobilizatzeko gaitasuna lortu dute, larrialdi egoerari hobeki aurre egiteko.

Aipatu ospitaleak zuzenean kolpatuak ez badira, Landetako eta Girondako SAMU zerbitzuek eta erietxeek langile beharra dute. Hala, hamabost langile igorri dituzte SAMU 33 eta SAMU 40 zerbitzuak indartzera, eta bertze hamar bat Mont-de-Marsango ospitalera, haien etxeetatik ebakuatu dituzten eriak artatzeko sail geriatriko berri bat irekitzeko.

Bertzalde, suteek hunkitutako eremuetan hainbat EHPAD zahar etxe ebakuatu behar izan dituzte, eta horietako 36 paziente Ipar Euskal Herriko zahar etxeetan banatu dituzte, horren koordinaketa ere Ospitale Taldeak kudeatu du. Herriko etxeek azaldu dute leku gehiago bilatzen ari direla.

Elkartasuna prest

Baiona, Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarteko herriko etxeek atzo iragarri zutenez, erantzun amankomun bat prest dute suteek kaltetutako herriek halakorik behar izanez gero. Hala, herri horietan gune bat prest dute, bertan material bilketa egiteko, AMF Frantziako Auzapezen Elkartearekin koordinazioan. Bertzalde, herri horietako langile publikoak suteen eremura bidaltzeko prest direla ere azaldu dute, laguntzan aritzeko.

Herri horietako biztanleek laguntzeko gogoa izanez gero, galderei erantzuteko telefono zenbaki bat aktibatu dute herriko etxeek: 05 25 56 51 27. Gaurtik ostiralera, 9:00tatik 18:00tara aktibo egonen da.

Interesgarri izanen zaizu