Donibane Lohizune (Lapurdi)

Greba mugagabean dira Departamenduko agenteak Xantako Kolegio eta Lizeoan

Garbiketaz eta jantoki-zerbitzuaz arduratzen diren Departamenduko agenteen arabera, bi lanpostuen kentzeak are gehiago handituko du haien lan-zama. Are gehiago, gaur egungo lan-baldintzak jadanik akigarriak direlarik.

Greba mugagabean dira Departamenduko agenteak Xantako Kolegio eta Lizeoan
Greba mugagabean dira langileak. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/09/04 07:00

Donibane Lohizuneko Xantako eskola-guneko langileak greban dira ostegun honetatik goiti ikasturte hastapenean Departamenduak bi lanpostu ez berritzeko hautua salatzeko. Langileen arabera, neurri horrek haien lan-zama handituko du, 24 langile izatetik 22 izatera pasatu baitira. Jakinik lan-baldintza akigarriak dituztela jadanik. Langile kopurua formula baten bidez kalkulatua da Departamendutik, baina, haien ustez, formula horrek ez ditu hainbat faktore kontuan hartzen: altxatu eta mugitu beharreko pisua, ordutegi neketsuak eta bi jantegien arteko distantzia, besteak beste, Lizeoko eta Kolegioko jantegiak bereiziak baitira eta langileek batetik bestera ibiltzen baitira lanean. Peio garbitzeaileak azaldu duenez: "batzuetan 10 edo 12 kilometro egiten ditugu egunean".

Departamenduak dio erabakia 2019ko kontu-ikuskatze batean oinarritzen dela. Langileek dokumentua argitaratzea galdegiten dute, baina CGTren arabera, Departamenduak ezetz dio.
Hala ere, azpimarratzekoa da kolegioko eta lizeoko administrazio-kontseiluek lanpostu-murrizketa horien aurkako mozioa onartu dute.

Interesgarri izanen zaizu