Hauteskundeak: 38 zerrendek erantzun diote Euskal Konfederazioaren Euskararen Barometroari

Euskararen Barometroa aurkeztu du Euskal Konfederazioak Baionan. Herriko bozak hurbil direla, hautagaien zerrendei galdetegi bat igorri die euskararen inguruko asmoak ezagutzeko, eta emaitza publiko egin dute.

Hauteskundeak: 38 zerrendek erantzun diote Euskal Konfederazioaren Euskararen Barometroari
Euskal Konfederazioak urtarrilean aurkeztu zuen Euskararen Barometroa. EUSKAL KONFEDERAZIOA
Esteban Bastié Aguerre
2026/03/11 13:27

Herriko bozen atarian, Euskal Konfederazioak euskararen aldeko engaiamenduaren barometroaren emaitza publiko egin du. Tresna horren bidez, herriko bozetan aurkeztuko diren hautagaiak interpelatu ditu Euskal Konfederazioak, euskararen alde zer engaiamendu hartzeko prest diren jakiteko. Urtarril erditik martxoaren 7ra arte, 180 zerrendari bidali diete galdetegia. Azkenean, 27 herritako 38 zerrendek beren engaiamenduak jakinarazi dituzte.

Barometroak 20 neurri proposatzen ditu, bost ardatzen inguruan antolatuta: hizkuntza politikaren baliabideak, euskararen transmisioa, erabilera, prestigioa eta ikusgarritasuna. Euskal Konfederazioak gomendatu die hautesleei erantzunak xehetasunez aztertzea: zenbat neurri onartu dituzten, neurri bakoitza nola gauzatzeko asmoa duten, eta galdetegiaren bukaeran hautagaiek egindako ohar edo ekarpen gehigarriak.

Emaitzak osorik kontsulta daitezke Euskal Konfederazioaren gunean. Bestalde, Konfederazioak azpimarratu du Barometroaren helburua ez dela hautagaiak lehian jartzea. Tresna gisa aurkeztu dute, herriko bozen ondotik herriz herri euskararen aldeko urrats konkretuak bultzatzeko. Herritarrei ere dei egin diete tresna hori bere egin dezaten eta, Konfederazioarekin elkarlanean, hautetsiek hartutako engaiamenduen segipena egiteko, tokian tokiko hizkuntza politikak neurtu eta Ipar Euskal Herri mailako argazkia erregularki osatzeko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu