Donibane Garazi eta Baigorri arteko eremuari so jartzen gara aldi honetan. Lasan, Azkaraten, Anhauzen, Irulegin eta Baigorrin, lista bakarrak dira momentuan.
330 bat biztanle dira gaur egun Lasan. 2008tik auzapeza den Michel Idiartek nahiko luke 2032 arte segitu, eta lista muntatu du hiru kontseilari berrirekin aldi honetan, sei gizon eta bost emazte. Azkaraten ere Philippe Etcheniquek beste mandatu bat egin nahiko luke, bigarren bat. Bere ekipako bost emazte eta bi gizonek segitzeko nahia erakutsi dute, eta hiru gizon berriz sarrarazi dituzte.
Anhauzen da kanbiamen gehiena izanen, orain arteko auzapeza Pierre Changalak eta bere ekipak tokia utziko baitute. 380 bat biztanleko herrian kargua atxikitzen zuen 2014tik. Baina Patrick Elizondok eta Nadia Ansolabeherek muntatu dute lista berri bat. Patrick Elizondo izanen da lista-buru, sei gizon eta bost emazte izanen dira.
Irulegin, Joseph Mocho berriz aurkezten da, baina kontseilutik hiruk utzia dute tokia. Bigarren mandatua luke Mochok. Eta bururatzeko, Baigorrin ere, Antton Curutcharry berriz partitzekotan da. Oroit 2023an hartu zuela auzapez kargua Curutcharryk, Jean-Michel Coscaratek tokia utzi baitzuen osasun arazo batzuengatik. Aldi honetan, 19 izen dituzte atzeman behar, eta ez 15, biztanle kopurua handitu baita Baigorrin, 1 500eko hozka pasa baitute. Jakin aipatu ditugun herri guzi horietan, ez dela momentuan bigarren listarik agertu.