Jean-Marie Iputxa auzapezak bigarren eta azken kargualdia bukatuko du. Virginie Arhancet bere lehen auzapezordeak gidatuko du gehiengoren lista. Parean jada bietan hautetsi egon den Panpi Dirassar aurkezten da. Ez da hirugarren listaren menturarik.
1945 biztanle zituen Ezpeletak 2007an. 2023ko azken kontaketan 2155 herritar zenbatu ziren. Hamasei urtez ehuneko hamar emendatu da herritarren kopurua baina hazkundea ez da Lapurdiko beste herri zenbaitzuetan bezain handia izan.
Hemeretzi hautetsi ditu herriko kontseiluak. 2020an, bi lista ziren eta Jean Marie Iputxaren zerrenda Yannick Jauregik zuzendu listari nagusitu zitzaion kasik bozen bi herenak lortuz. Bi kargualdi eraman dituen Jean-Marie Iputxak bere kargua utziko du. 2020an, bi lista ziren eta auzapezaren zerrenda Yannick Jauregik zuzendu listari nagusitu zitzaion kasik bozen bi herenak lortuz. Aurten Jean-Marie Iputxak bere bigarren eta azken kargualdia bukatuko duela erran du. Eta Virginie Arhancet bere lehen auzapezordeak du gehiengoaren bilana defendatuko. Parean "Ezpeleta Bihotzean" zerrendako Panpi Dirassar ukanen du lehiakide.
2014az geroz gehiengoan da Virginie Arhancet
43 urte ditu Virginie Arhancetek eta irakasle da. Bere zerrendan, hamar kontseilarik segituko dute eta bederatzi izen berri kausi daitezke. Hamabi urteko esperientzia du kontseiluan, gehiengoan, eta turismoaren kudeaketa dela zailena ospe handia duen Ezpeleta bezalako herri batean aitortu digu. Obrak, bideak, gizarte arloa, laborantza eta ingurumenari buruzko proiektuak ditu Virginie Arhancetek. Etxebizitzaren arloan egin duten lana azpimarratu du herritar gazteei buruz kontuan hartuz eremu eraikigarri gutiren jabe dela Ezpeleta.
Bi aldiz hautetsi egon zen ere Panpi Dirassar
Parean, bi aldiz kontseilari izan da Panpi Dirassar "Ezpeleta Bihotzean" zerrendako burua. Aldi bat Gracie Florence zenaren gehiengoan 2008tik 2014ra eta 2014tik 2020ra arte oposizioan. Ez du iraultzaren ekartzeko pretentsiorik erran digunaz. Baina bada bi urte tailer desberdinak antolatu dituztela bere taldearekin, herriko etxeak egunerokoan tratatzen dituen gaiak hobeki ezagutzeko asmoz.
Ez bada hirugarren listarik agertzen, itzuli bakarra izanen da Ezpeletan martxoaren 15ean.