Hauteskundeak: Azkaine

Jean-Louis Fournier auzapezak bere aulkia utziko du. Elorri Manterola izanen da abertzaleen eta ekologisten arteko lista irekiaren buru. Bénédicte Luberriaga kontseilari nagusia bigarren aldiz aurkeztuko da. Ez da beste lista ofizialik mementoko.

Hauteskundeak: Azkaine
Bi lista ofizialki aurkeztuko dira mementoko Azkainen. Gehiengoa ez liteke aurkeztuko.
Kriztof Arotzarena
2026/01/13 11:17

Auzapez berria ukanen du Azkainek


27 hautetsi dira kontseiluan. Jean Louis Fournier auzapez da 2014az geroz eta etiketarik gabe definitzen du bere gehiengoa. Bigarren kargualdia bukatuko du eta ez dela berriz aurkeztuko erran du. Duela sei urte bost lista aurkeztu ziren lehen itzulian. Zerrenda buruak ziren Jean Louis Fournier, Bénédicte Luberriaga, Gorka Taberna, Pierre Clausell eta Jean-Louis Laduche. Bostek aski boz bildu zituzten bigarren itzulian izateko, baina Laduche auzapez ohia erretiratu zen bozka aholkurik eman gabe. Bigarren itzulian Fournier-k bere kargua atxiki zuen eta Gorka Taberna abertzaleak zuzendu lista irekiak bigarren lekuan bukatu zuen.


Gehiengoa ez liteke aurkeztuko


Mementoko Entzun Azkaine Bénédicte Luberriaga departamenduko kontseilariak eta Orain da mementoa Elorri Manterola abertzale eta ekologisten arteko zerrenda buruak dituzte beren hautagaitzak ofizialki jakinarazi.


Bere esperientzia hautetsi gisa aitzinatzen du Luberriagak


Bigarren aldiz zerrenda buru izanen da Bénédicte Luberriaga. Azken hamar urteetan departamenduko kontseilari gisa eramaten duen lanari segida ematea herrian ere nahi luke.


Bigarren indar bezala agertu zen abertzaleen eta ekologisten arteko zerrenda irekia 2020an


Oposizioan izanik ere, horiek ere diote ekarpenak proposatu dituztela sei urtez komisio eta bilkura desberdinetan. Etxebizitzaren gaia lehen lerroan ezartzen dutela azpimarratu du Elorri  Manterolak


Bi lista ofizialki mementoko Azkainen


Azkainen, bi lista badirela segur da mementoko. Jean-Pierre Celhayak zerrenda baten osatzerat entseatzen ari dela erran digu. Ofizialea da, elkarte desberdinetako arduradun izan da. Urtarril bukaerako erabaki bat emanen duela erran du. Iduri luke ere Jean-Louis Laduche auzapez ohiak zerrenda bat osatu nahi lukeela. Laduchek ere hilabete hau bukatu aitzin gehiago erran beharko luke.

Interesgarri izanen zaizu