Arrosa (Baxe Nafarroa)

Hauteskundeak: bi lista izanen direa Arrosan?

Orzaizen azkenean lista bakar bat agertzen baldin bada aurkezteko prest herriko bozetan, auzoko herria den Arrosan bi izan ditaizke. Bidarrain aldiz, lista bakarra da momentuan aipatzen.

Hauteskundeak: bi lista izanen direa Arrosan?
Arrosan Roger Brust izanen da oposizioko listaren burua. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2026/02/10 07:45

Listen deklaratzeko azken epea hurbiltzen ari da, eta anartean listak argitzen: batzuetan zurrumurruak desegiten dira, bestetan konfirmatzen. Jar gaiten Arrosa, Bidarrai eta Orzaizeri so.

 

Orzaizetik atera da azken berria. Annick Trounday departamenduko hautetsiak ez du bere lista aurkeztuko. Hastapen batean muntatzen ari zela entzuten baldin bazen, argiki erran dauku azkenean ez dela aurkeztuko. Iduri luke beraz lehiarik gabe herriko auzapez egoten ahalko dela Jean-Marc Oçafrain. Bere listako sei hautetsik tokia utzia dute, baina ordezkoak atxemanak ditu bigarren mandatu horrendako. Zortzi gizon eta zazpi emazte ditaizke


Auzo herrian, Arrosan, lehia handiagoa izanen da. Gaur arte 30 urtez auzapeza izan den Beñat Arrabit lista muntatzen ari da baina ez du oraindik ofizializatu. Parean, Roger Brustek bere lista muntatu du. Haren erranetan, aitzineko ekipak ez du aski komunikatu mandatu denboran, adibidez hirigintza planoari buruz edo Gazteen Etxea gelaren arrabitzeari buruz. Gure mikroan erran du komunikazioaren gai hori hobetu nahi luketela, eta herrian diren proiektu nagusiak herritarrekin eraman: Gazteen Etxea edo Gurea gunearen berrantolatzea. Jakin parean den Beñat Arrabit gaur egungo auzapezak ez duela gure elkarrizketa galdeer erantzun momentuan.


Bururatzeko, Bidarrai, momentukoz kalmeak dira bazterrak, lista bakar bat muntatua baita. 2014tik auzapeza den Jean-Michel Anchordoquyk 2032 arte segitu nahiko luke. Hor ere, kontseilutik sei joan dira eta ordezkoekin, zortzi gizon eta zazpi emazte izanen dira.

Interesgarri izanen zaizu