Hauteskundeak: bi zerrenda Zuraideko bozen karietara

2014an jada aurkeztu zen Patrick Geninek bere lista osatua du. Thierry Sanzberro auzapezak hirugarren aldiz nagusitu nahi luke. Patrick, Louis Genin zenaren semea da. 52 urtez egon zen Louis Genin auzapez karguan Zuraiden 2011ra arte.

Hauteskundeak: bi zerrenda Zuraideko bozen karietara
Patrick Genin (ezker) eta Thierry Sanzberro (eskuin) hautagai dira Zuraideko auzapez izateko. EUSKAL IRRATIAK
Kriztof Arotzarena
2026/02/03 10:11

Hirugarren kargualdiaren bila aurkezten da Thierry Sanzberro


Hamabost kontseilari dira Zuraiden 1.500 biztanle eskas baitira. Hogei urtez emendatu da herritarren kopurua Lapurdi barnealdeko herrian. Duela sei urte lista bakarra aurkeztu zen eta ondorioz Thierry Sanzberro hautatu zuten bigarren kargualdi baten eramateko.


Hiru lista 2014an eta bat 2020an


Duela 12 urteko hauteskundeei interesatuz, hiru lista izan ziren. Thierry Sanzberro auzapez bilakatuko zenarena, aurten parean izanen duen Patrick Geninen zerrenda eta Marie-Christine Borda Ibarluziak zuzendu abertzaleen lista. Hiruak bigarren itzulirako sailkatu ziren eta Thierry Sanzberrok zuen irabazi bozen %48 bildurik. Patrick Genin bigarren izan zen %30 erdietsirik eta Marie Christine Borda-Ibarluzia hirugarren %22 lorturik.


Bi zerrenda 2026an


Aurten bi lista lehiatuko dira. Alde batetik Thierry Sanzberro auzapezaren lista, hirugarren aldiz nagusitzera saiatuko dena eta bestetik Patrick Geninek zuzendu zerrenda.

55 urte eginen ditu Thierry Sanzberrok aurten. Iduritzen zaio pena dela herri ttipi batean bi lista izatea, haiengana etorri balira beste listakoak, bat egiten ahalko zutela zerrenda egin ahala anitza osatzeko. Uste du herria zatituko duela horrek, eta horrek ez duela batasuna irudikatzen

Parean Patrick Genin izanen du. 58 urte ditu. Jakin behar da Zuraiden 52 urtez auzapez egon zen Louis Genin zenaren semea dela. Espero du deitura horrek laguntza bat ekartzen ahalko diola. Bigarren listak beste aukera bat ematen diela herritarrei iduritzen zaio Patrick Genini.


Lan ardatzak

Abiatu proiektuak nahi lituzke bururatu Thierry Sanzberrok ingurumena eta etxebizitzari lehentasuna emanez. Bere aldetik, igerilekuaren inguruko eremua parke publikoa sailkarazi nahi luke Patrick Geninek. Eta elkarteen etxea nahi luke osoki zaharberritu. Horrez gain ofizialeen edo lan-eremu bat sortu nahi luke Zuraiden.

 

 

Interesgarri izanen zaizu