Uztaritze (Lapurdi)

Hauteskundeak: bi zerrenden mentura eta auzapez berria izanen da Uztaritzen

2014an auzapez bilakatu zen Bruno Carrère aurkeztuko da baina Piero Rouget izanen da zerrenda buru. Parean Bruno Cendrès oposizioko hautetsi ezkertiarrak zuzenduko du lista irekia. Hirugarren listarik ez balitz itzuli bakarra litzateke Uztaritzen.

Hauteskundeak: bi zerrenden mentura eta auzapez berria izanen da Uztaritzen
"Uztaritze Bai" gehiengotik Piero Rouget (argazkian ezker) eta "Ensemble pour Ustaritz" oposiziotik Bruno Cendrès hautagaien arteko lehia finkatzen ari da Uztaritzen. EUSKAL IRRATIAK
Kriztof Arotzarena
2026/01/29 14:26

8000 biztanleen heina gainditu du Uztaritzek


5500 herritar kontatu ziren 2007an. 7900 lagun 2023an. Eta 2026an 8000 biztanleen hozka gainditu du Lapurdiko herri historikoak. 29 hautetsi dira herriko kontseiluan gehi bi ordezko.
Ez du hirugarren kargualdirik eraman nahi Bruno Carrèrek. 2014an eta 2020an irabazi zituen hauteskundeak Uztaritzen. Duela sei urte Bruno Cendrès ezkertiarrak bigarren bukatu zuen eta Jean-Claude Saint-Jeanek hirugarren. Bigarren itzulirako ere sailkatu zen Dominique Lesbats auzapez ohia baina gibelera egin zuen bigarren itzuliaren karietara.


2014tik gehiengoko hautetsi den Piero Rouget zerrenda burutzat aukeratu dute

40 urte ditu Piero Rougetek eta ingeniari da Euskal Hirigune Elkargoaren ur-zerbitzuan. Herritar guziak ordezkatu nahi ditu bere zerrendak. Etxebizitza eta jarduera ekonomikoak uztartu nahi ditu, auzoen garapena orekatu, euskararen aldeko hizkuntza politika landu eta kulturan eragin ere. Ekintza klimatikoak bultzatu nahi ditu eta herritarren beharrei erantzun ere.


2015ean kontseiluan sartu zen Bruno Cendrès


57 urte ditu eta SNCF-eko erretiratu gaztea da Bruno Cendrès. Beste lista irekia dela dio, gehiago zentristak diren batzuk jin baitzaizkie erranez bazekitela ezkertiarrek zutela dinamika bultzatu. Beraz etiketari kasu eman aitzin, lehenetsi dute zer konpetentzia ekartzen ahalko zieten jende berriek herriaren kudeatzeko asmoz.

Interesgarri izanen zaizu