Martxoko hauteskundeak hurbiltzen ari dira baina herri batzuetan zalantzak gelditzen dira. Garaziri begira jartzen gara aldi huntan, Donazaharretik Gamarteraino. Eremu horretan, auzapez gehienek tokia utziko dute.
Donazaharren, Lakarran eta Ainhize-Monjolosen, gehiengoaren segida
Donazaharren, hiru mandaturen ondotik, tokiaren uzteko erabakia hartu du Pierre Eyherabidek, bere listako beste bost kiderekin batean. Baina talde horretako Pierre Caminok segida hartu nahiko luke, lista berritu batekin.
Lakarran ere, hiru mandaturen ondotik Jean-Claude Ybargarayk kargua utziko du. Bere taldeko kide batzuek lista berria muntatu dute baina ez dute oraindik lista-burua ofiziala egin. Gauza bera Ainhize-Monjolosen, Jean-Pierre Irigoin ez da berriz aurkezten baina bere listatik berri bat osatu dute: hor ere lista-burua ez da oraindik finkatua.
Jatsun eta Bustinze-Hiriberrin, mandatu bat gehiago auzapezendako?
Jatsun, Michel Aldacourrou berriz aurkezten da beste zazpi kontseilarirekin, eta falta dituzte hiruak kasik atxemanak dituzte. Hirugarren mandatua luke Aldacourrouk.
Bustinze-Hiriberrin ere, oraingo auzapeza berriz partitzekotan da. 1995etik geroztik auzapeza da Henry Inchauspé. Azken urteetan biztanleak irabazi ditu Bustinze-Hiriberrik, gaur egun 100 bat baitira. Ondorioz kontseilari gehiago behar dira listan baina motibatua da Henry Inchauspé. Jakin Garaziko mendi sindikatako burua dela ere Bustinze-Hiriberriko auzapeza, eta kargu horren banaketa egiten dela aski fite herriko bozen ondotik. Ez du aldiz baieztatu ea bere burua berriz aurkeztuko duen edo ez.
Gamarten zalantzak
Gamarten da momentuan egoera konplikatuena: Jean-Michel Bicain ez da berriz aurkeztuko baina ez da bere ordezkatzeko nehor agertu. Listarik gabe, arriskua da prefetak kudea dezan xuxenki herria. Epe luzeago batean, auzo herri bati lotua izan daiteke.
Bi mandatu egin ditu orain arte Jean-Michel Bicainek. Ageriko orain norbait agertzen den ondoko asteetan, otsailaren 26a arte baitute hautagaiek izenen pausatzeko prefeturan.