Martxoan iraganen dira herriko bozak eta toki ainitzetan zehazten ari da panorama. Kasik milako bat biztanle dituen Hergaraiko ibarrari so jartzen gira aldi huntan. Auzapezek beste mandatu baten egiteko xedea iragarri dute.
Mugimendu guti momentukoz Hergarain gaindi! Erran behar da auzapez kasik guziak berriz aurkeztekotan direla martxoan, eta oposizio guti agertzen dela.
Aintzilen lehenik, Gilbert Oçafrainek auzapez kargua okupatzen du 2008tik geroztik eta beste mandatu bat egin nahiko luke. Azken urteetan, Garazi-Baigorriko erreferentea ere egon da Euskal Elkargoan. Mendiben ere, auzapez karguan segitzeko xedea du Xebastian Ihidoyek. Hirugarren mandatua luke. Mendibetik Behorlegiko bidea hartzen badugu, Ihidoyen auzoak ere hirugarren mandatua egin nahiko luke. Paxkal Neguelouartek 60 bat biztanleko herria kudeatzen du 2014tik. Zailtasunak ukan ditu listaren muntatzeko, bereziki parekotasunaren aldetik. Derogazio bat galdegin zuen baina ezezkoa ukan zuen. Azkenean atxeman du herritar kopuru ona. Duzunaritzen, ez badu ofizialki iragarri ere, iduri luke hor ere auzapeza berriz partitzekotan dela. Lehen mandatua zuen Bruno Jauriberry Gamia ostatuko sukaldariak.
Ahatsan da behar bada mugimendu gehien Hergarain gaindi. Jean-Paul Bidart auzapeza lista muntatzen ari da berriz aurkezteko, baina urtarrila hastapen huntan Ahats berri izeneko Facebook orrialde bat agertu da, orain arteko listaren kontra bigarren baten muntatzeko. Izenik ez bada agertzen eta gure mikroan ez badute oraindik mintzatu nahi izan, orrialde horretan laburzki dudan ezartzen dute herriaren buxetaren kudeaketa. Ikusiko beraz bigarren lista oso bat muntatzen erdiesten duten.
Hergaraiko itzulia bururatzeko, aipa dezagun bortxaz auzapez berria ukanen duen herri bakarra: Lekunberri. Hiru mandaturen ondotik, tokiaren uzteko erabakia hartu du Jojo Goyhenetchek. Hala ere, bere listako 5 kidek segida hartu nahiko lukete, eta beste 6 herritar atxeman dituzte lista berriaren osatzeko. Ez dute aldiz oraindik ofizialki izendatu lista-burua.