Paueko administrazio auzitegiak Michel Hiriart auzapez ohiak aurkeztutako helegitea aztertu du, eta herri txostengileak martxoaren 15eko hauteskundeak errepikatzea gomendatu du.
Paueko administrazio auzitegiak martxoaren 15ean ospatutako herriko bozen baliogabetzeko helegitea aztertu du, eta herri txostengileak Biriatuko hauteskundeak baliogabetzea gomendatu du, arratsaldeko botoen kontaketa ez zelako legearen arabera egin. Ordubeteko berantarekin hasi zen botoen kontaketa, eta Biriatuko 1.297 biztanleetatik 983 inskribatuak zirelarik udal hauteskundeetan bozkatzeko, inskribatuetatik 665 lagunek bozkatu zuten, Biriatun Bizi ala Altxa Biriatu zerrendak aukeran.
Biriatun Bizik 333 bozka eskuratu zituen, 2020ko 309 bozken aldean. Michel Hiriart auzapez ohiaren Altxa Biriatuk, aldiz, 316 bozka jaso zituen. Hamazazpi botoen aldearekin irabazi zuen zerrenda abertzaleak, duela sei urte sei botoengatik irabazi ondoren. Michel Hiriartek 31 urtez auzapeza izan ondotik, 2020an agintea galdu zuen, eta joan den martxoan 82 urte zituela aurkezten zen. Galduta ere, oraindik ez da azken hitza esana, epaileek hauteskundeak errepikatzeko agindua emateko aukera handiak baitaude.
Bistan denez, Michel Hiriart bera izan zen helegitea aurkeztu zuena, hauteskundeak Odile Susperregui Cornuren aurka galdu ondoren. Arazoa da Biriatun, martxoaren 15ean, igandean, 18:00etan, jendeari ez zitzaiola herriko hautesleku bakarrean sartzen utzi hauteskutxak irekitzeko, hautesleen nortasuna egiaztatzeko eta boto-paperak 100eko gutun-azaletan sartzeko legeak agintzen duen bezala. Bi alderdietako ordezkariak barrenean baziren ere, hau herriko etxeko hauteslekuaren ateak itxita egin zen. Eta ondoren ireki zituzten ateak bozkak zenbatzeko garaian, ordubeteko berantarekin.
Argitu beharra dago Michel Hiriart ez zela presente egon, ez aurretik, ezta bozka zenbatzeko garaian, edota emaitza jakinarazi zenean ere. Baina bai haren zerrendetako ordezkariak. Ehundik gora herritar bildu ziren bozka zenbaketan, tentsio eta interes handiko hauteskundeak izan baitira hauek, eta hori argudiatu du Dorothée Mandile abokatuak, bozkak zenbatu artean ateak itxita mantentzeko, ordena publikoa segurtatzeko, gela txikia zelako. Hain zuzen ere, hau ere izan daiteke arazo bat. Hautesleen etorrera masiboa baitzen, baina legez 50 metro koadrokoa behar du gelak gutxienez, eta 30 metrokoa zen.
Dirudienez, administrazio auzitegiak txostengile publikoaren gomendioak jarraitu ohi ditu kasuen %95ean. Eta Biriatuko udal hauteskundeak errepikatzea gomendatu duenez, litekeena da Biriatuko hautesleei berriro bozkatzera deitzea. Ekainaren 11 inguruan hartuko du deliberoa Paueko epaileak, eta hauteskundeak errepikatzea deliberatuz gero, herriko etxeak hiru asteko epea izango luke udal hauteskundeak berriz antolatzeko.