Biriatun bi zerrenda ariko dira lehian datozen hauteskundeetan. Michel Hiriart auzapez ohia berriz aurkeztuko da; egungo gehiengotik, berriz, Solange Demarcq-Egigurenek ez du bere burua aurkeztuko, baina haren taldeko Odile Cornu izango da hautagaia.
Biriatu Hego Lapurdiko mugan kokatua da, Bidasoa ibaiaren bazterrean. 2023ko datuen arabera, 1.297 biztanle ditu eta 11 km²-ko azalera. Lurraldearen zati handi bat mendigunez osatua da, eta “Natura 2000” sarearen baitan babestutako eremuak dira.
2020ko hauteskundeetan, Solange Demarcq-Egiguren nagusitu zen Biriatuko Geroa zerrendarekin, 31 urtez auzapez izandako Michel Hiriarten Biriatu Denentzat zerrendaren aurrean. Sei botoren alde txikiarekin eskuratu zuen garaipena.
Oraingoan, Solange Demarcq-Egiguren egungo auzapezak ez du berriz aurkezteko asmorik. Haren gehiengotik, Odile Cornu izango da hautagaia. Haren parean, sei urtez herriko kontseilari izan ondoren, Michel Hiriart auzapez ohia berriz lehian izango da, Altxa Biriatu zerrendaren buru.
Michel Hiriartek herritarrekin elkartzeko hainbat hitzordu antolatu ditu: otsailaren 24an, 18:30ean, Larretxekon; eta martxoaren 5ean eta 12an, 18:30ean, Xoldon.