Frantziako Pilota Federakuntzak ez du gehiago Hazparneko Berria trinketari lotutako esku huskako prestakuntza zentroa kudeatuko. 2020an ideki zuten zentroaren kudeaketa pribatua izanen da eta Esku Pilota elkarteak har lezake orain.
2020ko irailean ideki zuten Hazparneko Berria trinketari lotutako prestakuntza zentroa, esku huskako pilotari gazteen formakuntzarako. Hala ere, heldu den denboraldian ez du zazpigarren sartzerik ezagutuko Frantziako Pilota Federakuntzaren kudeapean Mediabask kasetaren arabera.
Zentroaren kudeaketa aldatuko da, baina pilotarien prestakuntzak Berrian segituko du. Iduriz, Jean-Marc Charritton, trinketeko jabeak, kudeaketa bere gain har lezake, Esku Pilota elkartearekin batera.
Federakuntzak kudeaketa utziko du
Frantziako Pilota Federakuntzako lehendakaria den Lilou Etcheverriak berretsi digu Federakuntzak ez duela gehiago Hazparneko zentroaren kudeaketan parte hartuko. Pasa den ostegunean Berriako eramaileekin bildu zirela eta orduan jakinarazi zietela erabakia azaldu digu «instalazioak ez dira Fedekaruntzarenak eta jabeak nahi duena egiten du, hori errespetatzen dut». Etcheverriaren arabera, Federakuntzak harremanak atxikiko ditu zentroarekin. Orain arteko funtzionamenduan, Jean-Marc Charrittonek bere instalazioak kitorik uzten zizkion Federakuntzari, eta azken honek zentroko langileak pagatzen zituen. Partaidetza hori bururatuko da beraz.
Lilou Etcheverriak erran digu aldaketa horretan garrantzitsuena pilotarien prestakuntzak segitzea dela. Beste kiroletako ereduekin alderatu du egoera, bereziki errugbia eta futbola aipatuz. Haren arabera, kirol horietan prestakuntza zentroak klubek edo eragile pribatuek kudeatzen dituzte, eta federakuntzek ez dituzte zuzenean proiektu horiek eraman ohi.
«Plekarirekin gertatu denaren ondorioa»
Kudeaketa aldaketa pilotaren mundu profesionalean azkenaldian izan diren mugimenduen testuinguruan ere kokatzen du Federakuntzako lehendakariak. Etcheverriaren erranetan, Hazparneko zentroaren kudeaketa aldatzeko erabakia «Plekarirekin gertatu denaren ondorioa» ere bada. Hazparneko zentroaren eredu pribatua ez litzateke berritasun bat. Donibane Lohizuneko zesta-puntako prestakuntza zentroa ere molde pribatuan ari baita.