Hendaian, oposizioa eta gehiengoa zerrenda berean herriko bozetan

Hendaian, gehiengoa eta oposizioa batu dira Hendaia Elkarrekin zerrenda berrian, proiektu sozial eta ekologista bateratu baten alde. Ecenarrok baieztatu du bigarren itzulian ez dela aliantzarik izango.

Hendaian, oposizioa eta gehiengoa zerrenda berean herriko bozetan
Hendaian hiru zerrenda ariko dira lehian: Hendaia Elkarrekin, Hendaia Biltzen talde abertzalea, eta segurrenik eskuinetik aurkeztuko den beste hautagaitza bat. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/12/09 17:37

Hendaian, oposizioa eta gehiengoa lehen aldiz elkartu dira zerrenda berean, Kotte Ecenarro auzapezak aurkeztutako Hendaia Elkarrekin proiektu irekiaren baitan. Zerrendak balore sozial, ekologista eta humanistak izango ditu ardatz, eta gehiengoaren “jakintza” eta oposizioaren “ideia berriak” uztartu nahi ditu. Pascal Destruhaut, orain arte oposizioko burua, proiektura batu da, Ecenarroren esperientzia eta egungo testuinguru politiko, ekonomiko eta sozial zailak eskatzen duten elkarlana azpimarratuz.

Destruhaut-ek agerian utzi du Hendaia mugaz gaindiko erreferente bihurtzeko duen nahia. Bere hitzetan, mugan dagoen hiriak “aukera ikaragarria” du, eta ezin da “xehetasun txikietan trabatu”. Eta gazteek “etxetik gertu lan aukera errealak” izatea aldarrikatu du. Mugaz gaindiko industria-sarea eta erakunde arteko zubi sendoak garatzea funtsezkotzat jo ditu.
Kotte Ecenarrok azpimarratu du, sei urteko oposizio-lanak erakutsi diola zein garrantzitsua den Estatuaren, Eskualdearen, Euskal Hirigune Elkargoaren eta Departamenduaren aurrean Hendaiaren interesak defendatzea, eta horretarako beharrezkoa dela lanerako gehiengo zabal eta kohesionatu bat.

Horrela, Hendaian hiru zerrenda ariko dira lehian: Hendaia Elkarrekin, Hendaia Biltzen talde abertzalea, eta segurrenik eskuinetik —edo eskuin muturraren ingurutik— aurkeztuko den beste hautagaitza bat. Ecenarrok argi utzi du: bigarren itzulian ez da aliantzarik izanen.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu