Hirugarren aldiz aurkeztuko da herriko bozetarako "Bayonne Ville Ouverte" taldeko burua. 2014an 26 bozez ihes egin zitzaion auzapezaren aulkia geroztik auzapez den Etxegarairen faboretan. 2020an errazago galdu zuen bigarren itzulian Henri Etxetok.
2014an Jean-René Etxegarai zentro-eskuineko auzapeza 26 bozez nagusitu zitzaion Henri Etxeto BVO Bayonne Ville Ouverte taldeko sozialistari. Baiona 2014 taldeko Jean-Claude Iriart ere sailkatu zen bigarren itzulirako eta bere hautagaitza atxiki zuen Etxetoren haserrea ondorioztatuz.
2020an Etxegarai eta Etxetoren arteko lehia izan zen bigarren itzulian baina mila boz baino gehiagoko desberdintasunarekin irabazi zuen berriro Etxegaraik. Baiona Berde eta Solidarioa zuzendu zuen orduan Jean-Claude Iriartek. Bigarren itzulirako sailkatu zen baina erretiratu zen bozka aholkurik eman gabe. Orduan ere Etxetok ez zuen Iriart eta haren taldearen erabakia ulertu.
Ezkerra zatiturik agertzen da lehen itzulia kari
2026an bi zerrenda ukanen ditu ezkerrak. Henri Etxetok gidatu BVO Bayonne Ville Ouverte eta Jean-Claude Iriartek zuzendu Baiona Mugimenduan. Ezkerreko joera guziak ordezkatu nahi ditu Baiona Mugimenduan taldeak. Erran digutenez, luzatu dioten eskua ez du hartu Henri Etxetok. Ohar horrekin ez da batere ados Henri Etxeto:
Azpimarratzeko da Colette Capdevielle diputatu sozialista bigarren lekuan agertzen dela Jean-Claude Iriarten ondotik Baiona Mugimenduan taldean. Henri Etxetok ez du sinetsi nahi horrek BVO-en indarra ahulduko duela.
Aldaketaren garaia da Etxetoren erranetan
2014 eta 2020 urteetan bezala Baionako herriko etxea eskuinetik ezkerrera pasarazteko xedearekin aurkeztuko da Henri Etxeto.
Hiru zerrenda ofizialki deklaratuak Baionan
Hiru dira mementoko ofizialki hautagaitza baieztatu dutenak. Jean-Claude Iriart Baiona Mugimenduan taldeko lista burua izanen da, BVO zerrenda zuzenduko du Henri Etxetok eta Pascal Lessellier eskuin muturreko aliantza gidatuko du.
Urtarrilaren 15a aitzin bere erabakiaren berri emanen duela adierazi du Jean-René Etxegarai auzapezak urtarrilaren 7ko agiantzen zeremoniaren karietara Baionan.