Atez ate joanen dira 'Baiona Mugimenduan"-eko kideak herritarren konbentzizera erakutsiz edonor hautetsi izaten ahal dela bere herrian. Helburua abstentzioari aurre egitea da. Beren desmartxan demokrazia zuzen eta elkarlan gehiago nahi dituzte.
Baiona Mugimenduan taldeak herriko hauteskundeetarako proposatu duen berrikuntzarik deigarriena da zerrendako 3 eta 5 toki artean utziko dituztela zozketaren bidez hautatuko dituzten herritarrentzat. Hautu horrekin erakutsi nahi dute politikagintzak ez duela zertan izan hautetsi profesionalen kontua; edonor izan daiteke hautagai, eta edonor izan daiteke erabakietan parte hartzaile.
Horregatik, mugimenduko kideak atez ate joanen dira, bereziki abstentzioa handia izan den auzoetara. Helburua da jendea konbentzitzea, eta argi uztea zerrendak ez dituela betiko izenak soilik bilatzen. Parte hartzeko gogoa duen edonork badu tokia.
Listan, lau izen dira aurkeztuak eta ezagunak une honetan: Colette Capdevielle, Jean-Claude Iriart, David Ospital eta Sophie Herrera. Baina taldeak berak dioenez, lista azken uneraino idekirik utziko dute jendea konbentzitzeko.
Azken hilabeteetan, herriko etxeko jatorri politiko desberdinetako sei hautetsi jadanik ari dira elkarlanean: Colette Capdevielle sozialista, Bihar Baionatik Jean-Marc Abadie, Mathieu Bergé, Sophie Herrera eta oposiziora pasatu diren Étienne Boutonnier eta Julie Bensoussan. Ofizialki ez dira talde bakar bat, baina praktikan, bai. Kontseiluak prestatzen dituzte elkarrekin, eta gobernantza partekatua aldarrikatzen dute. Buruzagi bakarraren logikatik ateratzeko eta erabakiak kolektiboan landu behar direla sinesten dute.
Colette Capdevielle 5. eremuko diputatu eta Baionako hautetsiak berak azpimarratu du ez dela gehiago garaia alderdi bakar baten hegemonian sinesteko. Frantziako alderdi sozialistaren (PS) sostengua beti itxoiten badu, bere hitzetan: « Irabazten dugu elgarrekin biltzen garenean, dibertsitatea onartuz eta desberdina errespetatuz. Alderdi sozialistaren hegemonia bakarrik irabaziko duelako ideia hori bukatua da, eta beharrik. »
Horri gehitu dio ateak irekiak atxikitzen dituztela desmartxa bateratuan parte hartu nahi duen orori.
Baiona Mugimenduan taldeak bi norabidetan egin nahi du urratsa: demokrazia zuzenagoa sendotu, eta politika herritarrengana ekarri.