'Vivons Boucau' kolektiboak 2026ko herriko bozen karira, lista ireki bat prestatzen ari dela iragarri du, eta Karabana Herritarra abiatuko du bokaldarren ekarpenak biltzeko. Zerrendaburua geroago erabakiko dutela adierazi dute.
Herritarren ekimenetik sortutako Vivons Boucau mugimenduak, 2026ko herriko bozentzat zerrenda bat osatuko zuela adierazi du goiz honetan. Ipar Euskal Herriko herri anitzetan abiatu diren zerrenden moduan, demokrazia parte-hartzailea eta adimen kolektiboa jarri nahi ditu Vivons Boucauk hiriko eraldaketaren erdigunean. Taldeak anaitasuna, gardentasuna eta hitz-emana bezalako printzipioak nabarmendu ditu, eta jakinarazi dute ikuspegi horizontala erabiliko dutela herritarren ekarpenak jasotzeko.
Kolektiboa udal-proiektu bat lantzen ari da 2026ko herriko bozak ikusmiran, eta baieztatu du zerrendaburua gerora erabakiko dutela. Horretarako, hainbat hitzordu antolatuko dituzte herritarrekin programa partekatu bat osatzeko. Irene Ithursarry zerrendako kideak adierazi duenez, “Herritar bakoitzak barneratu behar du baduela zerbait ekartzeko, eta ez duela politikariaren zain egon behar.”
Ezkerrean, oraingoz akordiorik ez
Bestalde, Bokalen auzapeza den Francis Gonzalezek jada baieztatu du berriz aurkeztuko dela 2026ko bozetan; izan ere, 2025eko hasieran “prest” zegoela adierazia zuen.
Hala ere, eztabaida batzuk izan ondoren, Vivons Boucauko kideek jakinarazi dute oraindik ez dutela akordiorik lortu Frantziako Alderdi Komunistako kideekin. Lehen itzulian bakoitzak bere aldetik aurkezteko aukera aipatu badute ere, bigarren itzuliko aliantzak ez dituzte baztertu. Gabi Mouescak azaldu duenez, “Momentua iristen denean erabakiko da, kolektiboki.”
Herritarren Karabana
Kolektiboak Karabana Herritarra antolatuko du auzoetan zehar bokaldarren ideiak, kezkak eta proposamenak biltzeko. Lehen hitzordua 2025eko azaroaren 22an, larunbatez, 11:00etatik 13:00etara, Semard plazan izango da.