Miarritze (Lapurdi)

Hiru animatzaile eta bost axuanta lanpostu sortuko dituzte Miarritzeko aisialdi zentroetan

Miarritzeko herriko etxeak 8 lanpostu berri sortuko ditu aisialdi zentroetan, Mouriscot aferaren ondorioz. Horren bitartean, «Babes ditzagun gure haurrak» kolektiboak adierazi duenez, hogei bat gurasok banakako salaketak aurkeztu dituzte X-ren aurka.

Hiru animatzaile eta bost axuanta lanpostu sortuko dituzte Miarritzeko aisialdi zentroetan
Afera uztailean lehertu zen. Bi hezitzaile atxilotu eta auzipetu zituzten, adingabe baten aurkako sexu-erasoa eta adingabearen galbideratzea egotzita. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/09/23 08:57

3 animatzaile berri eta 5 axuanta lanpostu sortuko dituzte Miarritzeko aisialdi zentroetan, Mouriscot aferaren ondorioz. Afera uztailean lehertu zen. Bi hezitzaile atxilotu eta auzipetu zituzten, adingabe baten aurkako sexu-erasoa eta adingabearen galbideratzea egotzita. Biek ukatzen dituzte leporatutako gertakariak. 

Miarritzeko Herriko Etxearekin bildu direla azaldu digu Gwenaëlle Dewez Baïd, «Babes ditzagun gure haurrak» kolektiboko boz eramaileak. Eta hainbat neurri eskatu dituzte, besteak beste animatazile guztiekin bilkura bat, haien burua aurkeztu dezaten, edota haurrak binaka akonpainatzea komunetara adibidez. Baina harentzat, “Neurriak eskatu ditugu, baina hau hasiera baizik ez da. Guretzat, oraindik ez da nahikoa.”

Horrelako aferak biderkatzen diren heinean, beste eragile batzuekin elkartzeko xedea dute ere: Frantziako hainbat kolektiborekin harremanetan dira, hala nola Tarnozeko buraso kolektiboarekin, edota Colosse aux Pieds d'Argile elkartearekin. Frantziako Asanblada Nazionalera ere joateko xedea dute, diputatuekin trukatu ahal izateko.

Horren bitartean, Mouriscot aferan, hogei bat gurasok banakako salaketak aurkeztu dituzte “Xren aurka”, gertatutakoa ez jakinarazteagatik eta besteen segurtasuna arriskuan jartzeagatik. Sébastien Binet abokatuak bideratuko ditu salaketak. Kolektiboaren arabera, gertakarien berri izan arren ezer jakinarazi ez zuten arduradunak ikertu nahi dituzte, besteak beste Biarritzeko Udala, zentroko zuzendaritza, zenbait hezitzaile eta poliziako kide batzuk.

Interesgarri izanen zaizu