Senperen hiru zerrenda aurkeztu dituzte orain arte herriko bozetarako

Segur dira Bernard Elhorga egungo auzapeza, Kriztof Jauregi Hats Berriko zerrendaburua, eta Céline Piva Elgarrekin Senpere zerrendako hautagai berria

Senperen hiru zerrenda aurkeztu dituzte orain arte herriko bozetarako
Senpereko Hats Berri taldeak berriz hautagai izanen dela iragarri du. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2025/10/01 17:49

Senpereko Hats Berri taldea berriz aurkeztuko da heldu den urteko herriko bozetara. Zerrendaburu izanen da Kriztof Jauregi, eta taldeak azaldu du herriari “oldar berri bat” eman nahi diotela. Ekonomia, hezkuntza, osasuna, nekazaritza eta kultura ardatz nagusi duen programarekin aurkeztuko dira, eta herriko hainbat talderekin elkarlanean ari dira proposamenak lantzen.

Gogoratu azken hauteskundeak 2023an izan zirela, eta orduan, Dominique Idiart auzapez ohiaren zerrendan dimisio ugari gertatu zirela, eta gehiengoaren konfiantza galdu zuenez, bozak errepikatu ziren. Testuinguru horretan, Bernard Elhorgak irabazi zituen hauteskundeak, eta Hats Berri 100 boto eskasera gelditu zen.

Oraingoan, Bernard Elhorga auzapeza berriz aurkeztuko da. Aldi berean, Elgarrekin Senpere izeneko zerrenda parean ukanen du: Céline Pivak hartuko du Dominique Idiart auzapez ohiaren lekukoa, eta bera izanen da zerrendaburua. Bai Hats Berrik, bai Elgarrekin Senperek kritikatu dute Elhorgaren azken agintaldiaren “kontzertazio eskasa”, eta aldaketa eskatu dute.

Beraz, 2026ko hauteskundeetan hiru zerrenda aurkeztuko dira, bederen, Senperen: Bernard Elhorga egungo auzapezarekin, Kriztof Jauregi Hats Berriren buruarekin, eta Céline Piva Elgarrekin Senpere zerrendan. Momentuz, ez da aliantzarik aurreikusten bigarren itzulirako.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu