Donibane Lohizunen hiru zerrenda nagusi lehiatuko dira herriko hauteskundeetan, eta 2020ko hautagai berak izango dira protagonista. Etxebizitza, hirigintza eta herriaren garapen eredua izango dira eztabaidaren ardatz nagusiak.
Donibane Lohizunek ia 15.000 biztanle ditu gaur egun —14.867, INSEEren azken datuen arabera—, eta biztanleriaren egiturak erronka bereziak agerian uzten ditu: herritarren %38,2k 60 urte baino gehiago ditu, eta %40 erretiratua da. Testuinguru horretan, etxebizitza da oraindik ere kezka nagusietako bat. Herriko etxearen arabera, etxebizitza sozialen tasa %21,3koa da gaur egun, hau da, 1.824 etxebizitza sozial daude. SRU legeak ezarritako %25eko helburura iristeko, beste 334 beharko lirateke; egungo gobernuak, ordea, 2026rako 264 eraikitzeko asmoa iragarri du.
2020ko hauteskundeetan lau zerrenda aurkeztu ziren, eta lehen itzulian bertan nagusitu zen Jean-François Irigoyenen Donibane Bihotzez zerrenda, botoen %50,55 eskuratuta. Atzetik geratu ziren Manuel de Lararen Un nouvel Élan pour Saint-Jean-de-Luz (%23,84), Pascal Lafitteren Herri Berri (%23,10) eta Jacqueline Uharten LO Langile Borroka (%2,5).
Agintaldi honetan, hainbat desadostasun piztu dira herriaren garapenaren inguruan: Foch gune berriaren eraikuntza, aparkalekuen kudeaketa eta etxebizitza izan dira eztabaida nagusietako batzuk. Kostalde osoan bezala, bigarren etxebizitzen pisuak ere kezka eragiten du; gaur egun etxebizitzen %42 dira, nahiz eta presio fiskala handitu eta turismo-apartamentuen aurkako neurriak zorrozten ari diren.
Datorren hauteskundeetan, hiru hautagai nagusi ariko dira lehian. Lehenengoa egungo auzapeza da, Jean-François Irigoyen. Donibane Bihotzez zerrendarekin aurkeztuko da berriro. 2017tik da auzapeza, Peyuco Duhart zendu ondoren kargua hartu zuenetik. LR Errepublikanoak alderdiko kidea bada ere, oraingoan ere etiketarik gabeko zerrenda osatzea erabaki du. Bigarren hautagaia Pascal Lafitte da, ezkerreko eta abertzaleen ordezkaria. Donibanen bizi zerrendarekin laugarrenez aurkeztuko da, Herri Berri oposizioko taldea eta herriko ezkerreko indarrak bere inguruan bilduz. Hirugarrena Manuel de Lara da, Un Nouvel Élan, avec vous zerrendako burua. Alderdi politikorik gabe, eta 2020an ere hautagai izan zen. Tradizionalki eskuinaren gotorlekutzat hartu izan den herriak gidaritza aldatuko ote du, edo egungo norabideari eutsiko dio? Hauteskundeek argituko dute.