Hauteskundeak: Hiru zerrenda lehian Hendaiako herriko bozetan

Martxoak 15 eta 22an iraganen dira herriko bozak, eta toki ainitzetan panorama zehazten ari da. Hendaiari begiratuko diogu, han hiru zerrenda ariko baitira lehian.

Hauteskundeak: Hiru zerrenda lehian Hendaiako herriko bozetan
2020ko hauteskundeetan lau zerrendak hartu zuten parte. ANTXETA IRRATIA
Esteban Bastié Aguerre
2026/01/22 07:00

Aurten ere lehia politikoa bizia izango da Hendaian, hiru zerrenda ariko baitira lehian herriko bozetan. Ez da egoera berria: Duela bost urte, lau proposamen izan zituzten hautesleek aurrean. Alde batetik, Hendaia Biltzen zerrenda abertzalea aurkeztu zen, Laetitia Navarron buru zuela; bestetik, Hendaye en Commun zerrenda komunista, Laurent Tariol zerrendaburu; gehiengoaren Hendaia Zuekin zerrenda, Kotte Ecenarro auzapezarekin; eta, azkenik, Ensemble Réveillon Hendaye, Pascal Destruhaut buru zuena.

Lehen itzulian, Kotte Ecenarroren zerrendak lortu zuen babesik handiena, botoen %41,09rekin, eta bigarren tokian sailkatu zen Pascal Destruhauten zerrenda, %32,71rekin. Bigarren itzulirako, Hendaia Biltzenek gehiengoarekin aliantza egitea erabaki zuen, eta horri esker Ecenarro auzapez hautatu zuten, botoen %55,1 eskuratuta. Aliantzak, ordea, ez zuen luzaro iraun. Urtebete eskasera, Hendaia Biltzen oposiziora itzuli zen, hainbat desadostasun tarteko. Besteak beste, Molereseko lurren etorkizunaren inguruan —abertzaleek nekazaritza-eremu gisa sailkatu nahi zituzten—, kostaldearen atzerakadaren kudeaketan, portu-eremuaren antolaketan edota etxebizitza politikan agertu ziren tirabirak.

Testuinguru horretan, hiru zerrenda ariko dira oraingoan lehian. Batetik, Hendaia Biltzen berriz ere aurkeztuko da, Laetitia Navarron zerrendaburu duela. Zerrendak etxebizitza politika jarri du bere lehentasun nagusien artean, lehenago aipatutako arloez gain.

Bestetik, oraingoan gehiengoak eta oposizio nagusiak indarrak batu dituzte Hendaia Elkarrekin izeneko zerrendan; Pascal Destruhaut eta Kotte Ecenarro ariko dira bertan, azken hau zerrendaburu. Zerrenda aurkezteko unean azaldu dutenez, gehiengoaren “esperientzia” eta oposizioaren “ideia berriak” uztartu nahi dituzte. Ideia horien artean, Pascal Destruhaut kideak Hendaia mugaz gaindiko erreferente bilakatzeko nahia azpimarratu du.

Azkenik, hirugarren zerrenda bat ere sortu da: Vivre Hendaye. Ofizialki etiketa politikorik gabekoa dela aurkeztu badute ere, zerrendaburua den Tristan Proteau eskuineko Les Républicains alderdiko kidea da. Zorraren murrizketa, segurtasuna, hirigintza, aparkalekuak, erakargarritasun ekonomikoa eta berrikuntza demokratikoa ditu ardatz nagusi.

Interesgarri izanen zaizu