Apirila hastapeneko biltzar nagusian ofizializatu zuten erabakia. SAS forma juridikoa utzi du I-Ener-ek, eta SCIC forma hautatu. Bazkide berriak xerkatzen ditu orain, egituraren azkartzeko eta ondoko proiektuen eramateko.
Ofizialki kooperatiba bilakatu da I-Ener. Badu hilabete bat aldaketa egina izan dela. Kolegio desberdinak osatuak dira, eta herritarrek dute pizu gehiena.
Energia berriztagarria Ipar Euskal Herrian ekoiztu
I-Ener-en lehen helburua da energia berriztagarrien garatzea Iparraldean, eta hori herritarrer emanez lehen rola eta lehentasuna. 2014an sortu zen enpresa, Euskal Herrian energiaren berreskuratze herritarra bultzatzeko.
Orain arte, I-Ener-en proiektu gehienek energia fotovoltaikoa dute ekoizten. Hala ere, egurra energia ere bultzatu nahi dute eramaileek, eta lehen proiektu bat plantan ezarria dute. Gaur egun, 36 zentrala eginak ditu I-Ener-ek. Orotara, horiek urtean bi megawatt ekoizten dituzte, 800 bat etxeren kontsumoa.
Erran behar da ere I-Ener enpresa sortu ondotik, ekoiztua zen energiaren banatzearen galdea pausatu dela. Ildo horretatik sortu zen Enargia kooperatiba 2018an, banatze lan horren eramateko.
SAS enpresa formatik, SCIC kooperatiba formara
Sortu zenetik, I-Ener SAS formako enpresa bat zen. Hala ere, Iban Lacoste langileak azpimarratu du gure mikroan hastapeneko estatusak kooperatibatik hurbil zirela, pertsona bat boz bat printzipioa errespetatuz adibidez.
Aspaldidanik aipatzen zuten langileek eta eramaileek kooperatiba bilakatzea, eta azkenean pasa den apirila hastapenean egin da. Arrazoi desberdinak azpimarratu ditu Iban Lacostek: horietariko lehena zen adieraztea berriz ere interes kolektiborako proiektua zela I-Ener-ena. Kooperatiba bilakatzeak errexten eta lehenesten zuen ere benefizioak egituran berean atxikitzea.
Nahi ginuen berriz adierazi zinez interes kolektiboa zela proiektuaren helburua
Enargia kooperatiba izanki eta bi egituren arteko lotura azkarra izanki, I-Ener ere nahi zuten kooperatiba bilakarazi. Iban Lacoste argi izan da: 2024an Enargian gertatu zen gobernantza krisiak erakutsi du kooperatibek ez dituztela arazo guziak saihesten. Hala ere, uste du preseski kooperatiba izateak lagundu duela egitura krisiaren gainditzen.
Kolegio desberdinak eta herritarren inportantzia
SCIC forma hartu du I-Ener enpresak, eta horrekin batean kolegio berriak sortu behar izan dituzte eramaileek. Kolegio bakotxaren barnean bazkide bakotxak botz bat baldin badu, ondotik kolegioen pizua desberdina da. Lau dira:
herritarren kolegioa, bozen %40;
langileen kolegioa, bozen %20;
kolektibitateen kolegioa, bozen %20;
proiektuaren sortzaileen eta interes kolektiboko egituren kolegioa, bozen %20.
Kolegio horien indartzeko eta ondoko urteetako proiektuen eramateko, I-Ener kooperatibak bazkide berriak xerkatzen ditu. Egituran sartzeko, guttienez euro bateko 50 parte erosi behar dira, hots 50€ inbertitu kooperatiban.
Enargiaren krisiaren segida
Apirila hondar honetan atera da azken berria: Enargia kooperatibak prud’hommes edo lan auzitegian Patxi Bergararekin zuen auzia irabazi du. Enargiaren zuzendari ohiaren galdeak ez ditu onartu auzitegiak. 2024an gobernantza krisia handia gertatu zen kooperatiban, eta administrazio kontseiluaren gehiengoak Patxi Bergararen baztertzea erabaki zuen, argudiatuz bere kabuz hartu zituela erabaki onartezinak. Krisiaren ondotik hainbat prozedura abiatu zituen Patxi Bergarak. Aldi honetan, lan auzitegian galdu du. Ikusiko orain dei egiten duen edo ez.