Amaia Riouspeyrous Anhauztarrak bere lan berriko lehen aitzin gustua aurkeztu du sarean.
"Idatziak zuengandik" kantuaren bideoklipak irailean plazaratuko duen disko berriaren aitzin jasta ematen du. Lan berriak 'Kabi goxo bat' izena ukanen du.
13 urte pasa dira kantariaren azken diskoa argitaratu zenetik. Denbora horretan hainbat proiektu artistikotan parte hartu du, aldi honetan ibilbide pertsonalago bati loturiko lan bat sortzeko gogoa zuen. Horren emaitza da irailean aurkezten duen disko berria. Diskoa giro lasai eta ezti batean ondua izan da, folk-pop kutsuko doinuekin. Grabaketa Hazparneko Paxkal Etxepareren estudioan egin du kantariak.
Kantuen hitzak, berriz, Maddi Sarasua idazlearekin elkarlanean sortu ditu. Diskoan gizakiari loturiko hainbat gai jorratzen dira: harremanak, oroitzapenak, bizitzako pasarte garrantzitsuak eta, besteak beste, emazteek pairatzen duten bortizkeria.
Oroitzapenen kutxa
"Idatziak zuengandik" kantuaren bideoklipak oroitzapenenak ditu ardatz. Irudietan, Amaia Riouspeyrousek ganerrean gordea duen kutxa bat zabaltzen du eta barnean gaztetako hainbat aztarna aurkitzen ditu: lagunen gutunak, maiteminen, amaren hitzak, Kantu Txapelketetan erabilitako zaia eta iraganeko beste hainbat puska ere agertzen dira.
Zuzeneko lehen aurkezpena irailaren 26an Izpuran
Amaia Riouspeyrousek disko berria zuzenean aurkezteko lehen kontzertua irailaren 26an Izpuran eskainiko du Faustin Bentaberri gelan. Sartzeak aitzinetik erostegai jarriko dira zonbait egunen buruan.
Bestalde, "Irudikatu" izeneko beste bideoklip bat ere prestatzen ari da, uda hondarrean argitaratzeko. Azken honek emazteen aurkako bortizkeriaren gaia izanen du ardatz.