Urruña (Lapurdi)

Idorteak belar eskasia agerian utzi du Urruñako besten Kabalen Ferian

Urruñako Kabalen Feriak herriko laborariak eta hazleak elkartu ditu berriz ere, Bixintxoko besten azken egunean. Baina gai batek hartu du leku nagusia: udako idorteak belar uzta murriztu du, eta laborari anitz neguari begira kezkatuta daude.

Idorteak belar eskasia agerian utzi du Urruñako besten Kabalen Ferian
Orotara 80 bat behi ziren Urruñako pilota plazan. EUSKAL IRRATIAK
Esteban Bastié Aguerre
2026/09/10 07:00

Urruñako besten azken egunean iragan da Kabalen Feria, Kabalekin elkarteak antolaturik. 1934az geroztik egiten den hitzorduak 300 bat kabale bildu ditu aurten, eta Urruñako laborari anitz hurbildu dira pilota plazara. Eguna tokiko hazkuntzen aniztasuna erakusteko eta etxaldeen belaunaldi arteko segidaren garrantzia azpimarratzeko baliatu dute antolatzaileek.
Kabaleen aurkezpenaz harago, feria laborarien arteko topagunea ere bada. Aurten, beren lanbidearen egoeraz mintzatzeko parada eman digu, bereziki beroak eta euri eskasiak azken hilabeteetan eragin dituzten zailtasunez. Bertan ziren hazleei uda nola iragan duten galdetuta, gehienek belar eskasia aipatu dute.

Belar gutxiago negurako

Idortearen ondorioz, laborari anitzek ohi baino belar gutxiago bildu dute. Beñat Expositok, adibidez, aurten saltzeko belar gutxiago izanen du. Xalbat Zamora eta Albert laborariek ere uda konplikatua izan dela azaldu dute. Egoera ez da berdina etxalde guztietan, baina ondorioak norabide beretik doaz. Batzuek agian belarra erosi beharko dute datozen hilabeteetan. Beste batzuk, aldiz, negurako gordea zuten belarra kabaleei ematen hasi dira jadanik. Bixente Lazkanoren etxaldean, negurako erreserbak erabiltzen hasi dira. Erreserbak garaiz baino lehen erabiltzeak negura begirako kezka handitu du. Bixente Lazkanoren kasuan: "bigarren pikaldiarekin xantza gehiago" espero du.

Mila milioi eurotik gorako laguntza plana

Frantziako Gobernuak mila milioi eurotik gorako laguntza plana iragarri du udako idorteak, beroaldiek eta suteek kaltetutako laborariei sostengua emateko. Idorteak eragindako galerentzat 520 milioi euro "ahalik eta azkarren" banatu nahi dizkie laborariei ministroak. Horrez gain, 235.000 euroko laborantzaren berrarmatze funtsa sortuko da, prefetaren gidaritzapean. Funts horrek zailtasun handienak dituzten etxaldeei laguntzea du helburu.
Baina Urruñan elkarrizketatutako laborariek ez dute esperantza handirik, eta gehienak laguntzek zer ekarriko duten ikusteko zain daude. Bixente Lazkanorentzat, iragarpenak ez du aldaketa handirik eraginen, eta Beñat Expositok ere ez du uste neurriek egoera aldatuko dutenik. Beste laborariak ere zuhur agertu dira laguntza horiei begira.

Urruñako Kabalen Feria argazkitan:

Interesgarri izanen zaizu