Idorteak eragindako galerentzat 520 milioi euro "ahalik eta azkarren" banatu nahi dizkie laborariei ministroak. Prefeten esku izanen den 235 milioi euroko "laborantzaren berrarmatze funtsa" iragarri du. PAC laguntzen baldintzak malgutu nahi ditu.
CASI plana aurkeztu du gaur goizean Annie Genevard laborantza ministroak, Klima, Egokitze, Idorte eta Sute plana. Hau da azken hilabeteetako muturreko baldintza klimatikoei laborantza arloan gobernuak emanen dion erantzuna, Sébastien Lecornu lehen ministroak iragarri moduan. Orotara, mila milioi euro pasako laguntza berriak sortu dituzte, eta berehala aplikatzen hasiko dira.
Uda hastapenetik bizi izan den idorteak kaltetu dituen laborarientzat, baratzezainak bereziki, 520 milioi euroko laguntza berezi bat sortu du gobernuak. Xehetasun gehiago eman gabe, orain arteko ISN Elkartasun Nazionaleko Indemnizazioa banatzeko sistema aldatuko dutela iragarri du Genevardek, laguntzak fiteago iritsi daitezen. Laguntzen aitzinapena %80koa izanen da, orain arteko %70aren ordez.
Urte bukaera zaila arintzeko, eraiki gabeko jabetzen lur zerga arinduko du gobernuak, jadanik Korsikan edo kolonietan egiten den moduan. 330 milioi euroko galera gobernuarentzat, ministroak iragarri duenez, zein laborariri eta nola aplikatuko zaien zehaztu gabe.
"Laborantza ekoizpena berrabiarazi"
Modan den erretorikari jarraituz, "Laborantzaren berrarmatze funts" bat iragarri du Annie Genevard ministroak, 235 milioi eurokoa, eta "tokiko errealitateei" erantzunen diena. Prefeten esku izanen da diru honen banatzea, eta idorteak, suteak eta bertzelako hertsapenei erantzuteko baliatuko dute. Ezohiko deszentralizatze hau azaltzeko ministroak azaldu du ezin dutela dena Parisen erabaki, eta prefetek hobeki ezagutzen dutela tokian tokiko errealitatea. Heldu den astetik landa bilduko dira hauek departamendu bakoitzeko laborarien ordezkariekin, lehentasunak finkatzeko.
Hainbat laguntza luzatuak, eta sistema eraginkorrago baten promesa
Heldu diren hilabeteetan egitekoa den kotizazio sozialen kanpainan ohi baino 20 milioi euro gehiago txertatuko ditu gobernuak. Ongarrien erosketa laguntzeko kanpaina abenduaren 31ra arte luzatu dute, ekaina bukaeran finitu behar zelarik. Eta laborantzarako erregaia erosteko laguntzak irailean eta urrian ere galdegiten ahalko dira.
Aurtengo idorteena bezalako galera handietan, baita neguko izotz edo ekaitzetan ere, galerak azken bost urteetako ekoizpenarekin konparatu izan dira orain arte. Ministroak iragarri duenez, 2027tik landa kalkulu horiek egiterakoan zortzi urteko erreferentzia hartuko da. Azken urteak klimatikoki zailak izan diren heinean, irabazien bataz-besteko handiago bat emanen dute zortzi urte horiek, eta hala, indemnizazioak handiagoak izanen dira.
Bertzalde, Europar Batasuneko PAC Laborantza Politika Komunaren laguntzei buruz hainbat berritasun ere iragarri ditu. Batetik, udazkenean jaso ohi den laguntzen aitzinapena %70etik %75era iraganen da, eta hala, 420 milioi euro dira lagunduen poltsetara fiteago iritsiko direnak. Eta bertzetik, polemikoak diren PACen kontrolak arintzeko asmoa erakutsi du ministroak: "kontrol bakarra" emendatuko dute ahal dutenean, PACena bertze inspekzioekin batuz eta "ahal den heinean" murriztuz edo etxaldeetan bertan egitea saihestuz.