Sare sozialetan hedatu zen mobilizazio handiaren ideia, erregaien prezioaren emendatzeari aurre egiteko. Frantzian zehar, mila mobilizazio pasa iragarriak izan dira. Sare sozialetan, jaka horien mugimendua berriz agertuko dela irakurtzen ahal da.
Badira aste batzuk, orain, sare sozialetan urriaren 17rako mobilizazio handiaren deia luzatua izan dela Frantzian. Horren kari, jaka horien itzulia iragarri dute hainbat konduk, sare sozial desberdinetan. 1.000 mobilizazio pasa iragarriak izan dira, jadanik, ebaikoitz honetako. Zerbitzuguneak, biribilguneak, ordainlekuak, petrolio iraztegi edota biltegiak blokatzera deitu dute hainbat herritan.
Sare sozialetan sortu zen urriaren 17 honetako manifestazioaren ideia, erregaien prezioen blokatzearen galdegiteko. Geroztik hainbat talde eta mugimendu mobilizazioari lotu dira: ikasleen sindikatuak, Confédération Paysanne sindikatua, CGT sindikatua... Erregaien prezioaz gain, aldarrikapen frango gehituko dira: hezkuntzan baliabide gehiago ukaitea, ikasleen diru laguntzen emendatzea, laborantzari lotuak, eta erosahalmenaren handitzea. Hots, borroken bateratzea dute helburu antolatzaileek.
Ipar Euskal Herriko hitzorduak
Ipar Euskal Herrian, hitzordu zonbait hedatuak izan dira, urriaren 17rako sortutako maparen bidez: Mugerreko pleitagunean, 14:00etatik goiti; Baionako portuaren bidean, 14:00etatik goiti; Baionako Sainte-Ursule plazan, 14:00etarik goiti; Tarnozeko Chane geltokian, 10:00etatik goiti, Mirraitzeko Herriko Etxean, 14:00etatik goiti; Biriatuko Ordainlekuan, 10:00etatik goiti; eta Hendaiako Herriko Etxean 14:00etatik goiti.