Euskararen aldeko mozioengatik prefetak hainbat herriko etxe atakatu ondoren auzitegietan, auzapez, diputatu, senatari eta departamenduko hainbat kontseilarik, bilera bat eskatu diote afera argitzeko.
Ipar Euskal Herriko 90 auzapez, parlamentari, eta departamenduko eta eskualdeko hainbat kontseilarik gutun bat idatzi diote bilkura bat galdeginez Simot Fetet prefetari. Bilkuraren xedea, azken asteetan prefetak atakatu dituen herriko etxeen dosierrak argitzea dela dio gutunak. Oroit hainbat herriko etxek euskararen alde onartu mozioen kontra jo duela prefetak, eta auzibide ainitz bultzatu dituela.
Auzapezak arrenguratuak direla idazten dute prefetari igorri gutunean, herriko kontseiluetan hartu zenbait deliberoren kontra jo duelako Simon Fetet prefetak. Lurralde honen "ondarea" den hizkuntza "gordetzea" eta "transmititzea" dutela xede, oroitarazten diote prefetari, baita gaskoinaren kasuan ere.
Azken inkesta soziolinguistikoaren datuek, euskararen egoera ahul eta zaurgarria dela erakusten dutela diote auzapez sinatzaileek, eta ondorioz segitu behar dela euskararen aldeko sustatze lanak egiten.
Sinatzaileen artean dira Baiona, Donibane Lohizune, Hendaia, Urruna, Bardoze, Baigorri, Donapaleu, Arbona, Hazparne, Basusarri, Arrangoitze, Sohüta edo Azkaineko auzapezak, baita Alain Iriart Euskal Elkargoko lehendakaria, besteak beste. Diputatu eta senatari guztiak, Max Brisson eta Denis St Peek izan ezik. Departamentuko bederatzi euskal kontseilari, eta eskualdeko lauk ere sinatzen dute gutuna. Alta, Jean Jacques Lasserre, Serge Blanco, Claude Olive, Louis Labadot edo, Donibane Garaziko auzapeza den Laurent Intxauspek ez dute sinatu gutuna.
Eta preseski, ostegun honetan, Baiona eta Sarako auzapezak Bordeleko administrazio Dei auzitegian izanen dira, presentatu duten helegitearen karira. Oroit, Paueko auzitegiak euskararen aitortzea sinbolikoa behin-behinean bertan behera utzi zituela bi herri horietan, eta berantago, beste zortzi herritan ere.