Ipar Euskal Herriko hainbat artistak Spotify musika plataformatik ateratzea erabaki dute

Spotify, 2006an Suedian sortu zenetik, mundu mailako musika entzuteko plataforma nagusienetako bat bihurtu da. Hala ere, azken hilabeteetan eztabaida handia piztu da plataformatik ateratzeko, bai nazioartean eta baita Ipar Euskal Herrian ere.

Ipar Euskal Herriko hainbat artistak Spotify musika plataformatik ateratzea erabaki dute
Spotify-ek 675 milioi erabiltzaile zenbatzen ditu munduan zehar.
Esteban Bastié Aguerre
2025/09/24 17:14

Spotifyko zuzendari nagusi Daniel Ek-ek 600 milioi euro inbertitu ditu Alemaniako enpresa batean. Enpresa horrek adimen artifiziala garatzen du drone militarretan erabiltzeko, eta teknologia hori, besteak beste, Ukrainako gerran baliatu da. Horrek kritika eta zalantza ugari eragin ditu: musikaren plataformatik gerra teknologiara jauzi egitea onartezina da askorentzat.

Artistekin dituen harremanek ere ez dute laguntzen. Sarritan salatu izan da Spotify-k musikari eta sortzaileei eskaintzen dien ordainsaria oso txikia dela. Eder Etxebarria, B. Etxepare lizeoko irakaslea eta informatikan aditua, honela mintzatu da: «Artista bati entzunaldi bakoitzeko zentimo erdi ematen zaio». Horrez gain, talde txiki edo independenteentzat ikusgarritasuna lortzea oso zaila egiten dela ere nabarmendu da.

Testuinguru horretan, hainbat musikari erabakitzen ari dira plataformatik ateratzea. Xutik taldeak, adibidez, publikoki iragarri du Spotify utziko duela, eta beste talde batzuk batu dira. Taldeko kide Peio Izeagak azpimarratu du ez dela soilik diru banaketa eskasa, baizik eta ikusgarritasun falta ere erabakigarri izan dela.

Ez da, gainera, lehen aldia Spotify-ren inguruko polemikak sortzen direla. Aurretik ere kritikak izan dira adimen artifizial bidez sortutako musika onartzeagatik, sortzaileekiko lehiakortasun desleiala bultzatzeagatik.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu