Irailaren 26an eta 27an, « Irailekoak » izeneko olerkarien topaketak eginen dituzte Itsasun. Laugarren edizio honetarako, musikaz eta olerkiz josiriko bi eguneko egitaraua antolatu dute.
« Irailekoak » poesia-jaialdiaren laugarren edizioa da aurtengoa, Itsasun iraganen dena. Ez da lehen aldia Itsasun egiten dela eta, orain arte, Lekeitio herriarekin txandakatuz egin dute. Euskaltzaindiak du egitasmoa bultzatzen, baina harrera egiten duen herriko etxeak eta beste hainbat partaidek ere bidelagun ditu.
Irailekoak sortu zuten olerkia «birgizarteratzeko», alegia, olerkia orori irisgarri egiteko eta gizartean berriz txertatzeko asmoz. Itxaro Bordak uste du orain arteko edizioek horretan lagundu dutela, nahiz eta nahikoa ez izan aurreikusitako erronka handia betetzeko.
Aurten, dolua poesia bitartez nola jorra dute ardatz hartuko. Bestalde, beste hizkuntzetan egiten den poesia ezagutarazteko erronka ere hartu zuten hasiera-hasieratik, eta horri eusten diote lehen ediziotik. Aurten, poesia arabiarra izanen dute hizpide.
Bi eguneko egitaraua
Larunbat goizean hasiko da jaialdia, Karine Etcheberriren hitzaldiarekin: «Minaren oihuez, hitzez eta kantuez». Eguerdian, poesia-irakurraldia izanen da, Marikita Tambourin, Lierni Azkargorta eta Joseba Sarrionaindiarekin. Arratsaldean, ibilaldi poetikoa eskainiko dute, eta gauean, kontzertua emanen dute Ekhi Lambertek eta Odei Barrosok.
Igande goizean, mintzaldia izanen da Abdul Hadi Sadoun olerkari irandarrarekin eta Lucien Etxezaharreta elkarrizketatzailearekin. Azkenik, jaialdia bukatzeko, irakurraldia izanen da eguerdian, Eider Beabiderekin eta Ibantutarekin.