Irakaskuntza publiko, pribatu, elebidun eta murgiltze ereduko elkarteek Baxoa euskaraz eskatzen dute

Gaur arte, Seaskak aldarrikapena eraman badu, orain Biga Bai, Euskal Haziak eta Ikas-Bi sareek ere Baxoa euskaraz eskatzen dute. Euskarazko irakaskuntzaren egoerari begira kezkatuak dira eta ekintza politikoak eskatzen dituzte 2026tik goiti.

Irakaskuntza publiko, pribatu, elebidun eta murgiltze ereduko elkarteek Baxoa euskaraz eskatzen dute
Euskarazko irakaskuntzako lau elkarteak elkartu dira Baionan Baxoa Euskaraz eta ekintza politikoak galdegiteko. EUSKAL IRRATIAK
Lorea Mailharrancin
2026/03/26 11:47

Ostegun honetan, Biga Bai, Euskal Haziak, Ikas-Bi eta Seaska Baionako On bilgunean elkartu dira, Baxoa Euskaraz galdegiteko. Apirilaren 2an, Seaska Bordelen errektorearekin bilduko da eta hitzordu inportante hori aitzin euskarazko irakaskuntzako sare guztiek elkarrekin aldarrikapena egiten dute.

Irakaskuntza publiko, pribatu, elebidun eta murgiltze ereduko elkarteek Baxoko matematikako froga aitzinatua euskaraz egiteko aukera izatea 2026tik goiti nahi dute; 2027 itxoin gabe. Ekainean, ikasleek Ahozko Handiaren zati bat Euskaraz egiteko aukera ukan dezatela eskatzen dute.

Ekintza eskasa salatzen dute jakinez Euskarazko irakaskuntzaren egoera ez dela ainitz hobetzen: 2025ean, Ipar Euskal Herrian, ikasleen %44k irakaskuntza elebiduna segitzen dute lehen hezkuntzan, %24k kolegioan eta soilik %10ek lizeoan.

Bestalde, azken bi hamarkadetan, euskarazko irakaskuntzan ikasle kopurua beti igo da. 2025ean lehen aldiz, ikasle kopurua jautsi da: 2024ko irailean 10.821 ikasle ziren lehen hezkuntza elebidunean, 2025ean 112 ikasle guttiago ziren; 10.709. Alta, 2050erako botere publikoek euskaldunen kopurua 40.000 pertsonaz handitzea helburua dute. Irakaskuntzako sareak kezkatuak dira eta ekintza eskasa salatzen dute botere publikoengandik.

Interesgarri izanen zaizu