Irisarri (Baxe Nafarroa)

Irisarriko Ospitalean mitologiari buruzko tailerrak eskainiak dira

Martxotik abiatu zen euskal mitologiari buruzko erakusketa Ospitalean, eta geroztik, tailerrak, hitzaldiak eta jokoak antolatuak dira gaiaren inguruan. Uztailaren zortzian haurrendako ipuin kondaketa eta sorkuntza tailerra eman zuen Manu Iñarrak.

Irisarriko Ospitalean mitologiari buruzko tailerrak eskainiak dira
Manu Iñarrak mitologiako ipuinak kondatu dizkie haurrei. EUSKAL IRRATIAK.
Nahia Etxeberri Lopepe
2026/07/14 08:00

Aktibitate desberdinak

Uztailaren zortzian, bazen mugimendu Irisarriko Ospitalean! Haurrak eta familiak elkartu dira eraikineko gela desberdinetan, euskal mitologiaren sekretu eta misterioetan murgilduz. Manu Iñarrak animatu du tailerra. Hastapenean, ipuin kondaketa batekin abiatu da, eta haur eta helduek istorio desberdinak entzun ahal izan dituzte: Basajaunen ipuina, iguzkilorearen ipuina, harpeko sainduaren ipuina... Ondotik, familia bakotxak eskulan bat egin du; etxera eramaiteko eguzkilore eder bat. Hola iragaiten dira beti, gutti gora behera, uda huntan haurrentzat antolatzen dituzten tailerrak.

Manu Iñarraren arabera, Irisarriko Ospitaleak Euskal Herriko historia eta ondarea landu izan ditu betidanik, eta duela hilabete batzuk mitologia da hautatu duten gai nagusia. Martxotik geroztik euskal mito eta leiendei buruzko erakusketa proposatua zaie bisitariei, eta aktibitate eta joko desberdinak antolatu dituzte horren inguruan, adin guzietako jendearentzat. Aktibitateetaz euskaraz gozatzeko aukera ere bada : izan ostiral guziz erakusketaren bisita gidatuan, astearte guziz mitologiari buruzko escape gamean, hitzaldi desberdinetan, edo beste aktibitate frangotan...

Mitologiaren plazera

Euskal mitologia eremu zabala eta aberatsa dela badakigu, eta pasta emaiten du tailerretan aipatzeko. Manu Iñarrak kondatzen dituen istorioak liburuetan irakurri dituela kondatzen du. Alta, lehen, euskaldunek irakurtzen ez zakitelarik, istorio horiek entzuten eta ahoz aho transmititzen ziren. Tailerraren helburuetako bat da transmisio hori segurtatzea, haurrek ere, noizbait, entzundakoak berriz konda ditzaten.

Hala ere, tailerraren lehen helburua plazerra dela esplikatu du Manu Iñarrak. “Mitologia biziki seriosa izaiten ahal da, baina ez ahantzi plazerra. Entzuteko plazerra, kondatzekoa, irakurtzekoa...” Istorioak aski bortitzak izanik ere, kondalariaren ustez bakotxak atxemaiten ahal du bere gustua.

Ondoko hitzorduak

Tailerretan parte hartzeko izena emaitea hobe da, kopurua mugatua delako. Telefonoz edo internetetik egiten ahal da izen emaitea, bi oreneko tailerretan parte hartzeko; lehen orena ipuinekin, eta bigarren sorkuntza artistikoarekin. Bost urtez gorako haurrak onartuak dira. Ondoko tailerra uztailaren 22an izanen da, arratsaldeko hiruetan, baina frantsesez. Euskarazko aktibitate batean parte hartzeko, uztailaren 28aren beha egon beharko da, arratsaldeko hiruetan Mitologiari buruzko escape game-a proposatua delako. Informazio guzia Ospitalearen webgunean da ikusgai.

Interesgarri izanen zaizu