Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko ikerlari-irakaslea da zuzenbidean Joana Falxa. Frantziako Goi Ikerketetako ministroak izendatu berri du Unibertsitate Institutuko katedradun. Ezagupena lotua da sexu delituen inguruan eraman lanari.
Joana Falxa Ainhiza-Monjolosearrari Frantziako Unibertsitate Institutuko katedradun izendzatua izateak orain arte eraman dituen lanei ezagupen berezia eman die. Giza eskubideak izan ditu aztergai hastetik. Presondegi barneetako eskubideak landu zituen lehenik eta azken bizpahiru urteetan sexu delituen kasuan onespenaren definizoaren inguruko lanak eraman ditu beste ikerlari batzuekin elkarlanean.
Europa mailako beste unibertsitateekin ariko dira lanean, hala nola Espainia, Italia eta Errumaniakoekin. Legeak aldatu dira molde desberdinetan herrialde horietan eta konparaketatik argitu nahi dituzte gauzak. Sexu delituen sail horretan, beti, haurren kontrako sexu erasoen gaia edo intzestuarena ere ikertuko dute ondoko hilabeteetan konferentzia batzuen bidez; hala nola, urriaren 22an, on-line eginen duten hitzaldien medioz zeinetan zuzenbide penalaz gain, antropologia, literatura eta arte eszenikoen ekarpenak ere gurutzatuko baitituzte.
Ahalbide gehiago
Katedra izendapenari esker denbora gehiago eskaintzen ahalko dio ikerketari Falxak eta Europa mailako ikerlari arteko saretzea indartzen ahalko du. Beti ere, lankide dituen ikerlariekin elkarlanean eraman lanaren emaitza izan da. Europako diru laguntza gehiagoren erdiesteko bidea ere zabaltzen die.