Bilboko auzapezaren arabera heldu den urtean sortuko den mankomunitate atlantikoak harreman ekonomikoak bultza ditzake mugaz gaindi. Segurtasuna da alkatearentzat herriko etxearen lehen xedea. Ez da berriz aurkeztuko hauteskundeetan.
Juan Mari Aburto Bilboko auzapez jeltzalea politikan buru-belarri izan da 1991.urtetik. Eusko Jaurlaritzan aritu da Juan Mari Atutxa sailburuarekin barne sailean, eta Bizkaiko Diputazioan ere eskarmentua ukan du. 2015etik Bilboko alkatea da, baina 2027ko udal eta foru hauteskundeetan ez da izanen, EAJk deliberatu baitu Mikel Hidalgo izanen dela bere hautagaia auzapez kargurako. "67 urte izanen ditut, eta erretiroa hartuko dut, baina Euzko Alderdi Jeltzalearen militantea izanen naiz, laguntzeko prest", arrapostu eman digu Goiz Berri emankizunean.
Politikarekiko eta politikariekiko mesfidantza badela herritarren artean aitortzen du Bilboko alkateak, baina politikaren funtsa herritarren bizia hobetzea dela ere konbentzitua da. "Nik res publika deitzen diot. Politika publikoak oso inportanteak dira, eta jendeak konfiantza galtzen badu politikarekiko, arazo larri bat dugu".
Nik res publika deitzen diot. Politika publikoak oso inportanteak dira, eta jendeak konfiantza galtzen badu politikarekiko, arazo larri bat dugu
Bilbok alkate euskaldun eta abertzalea izateak baduela bere eragina egunerokoan, onartzen du Aburtok, gaiaz galdetzen zaionean. Hala ere bilbotar guztien auzapeza dela argi du, Unamuno eta Gabriel Arestiren izpiritua uztartuz.
Hizkuntz politikaz, eta zehatzago, auzitegietatik hartzen ari diren zenbait deliberoez, epaileen "interpretazioak" direla uste du, eta euskara auzitegietatik "atera" behar dela dio, "euskara denen ondarea" baita.
Segurtasuna Bilboko herriko etxearen lehen xedeetarikoa dela onartzen du Aburtok, nahiz eta azken aburu ikerketen arabera, etxebizitza, lana eta osasuna diren herritarren lehen arrengurak. "Bilbon segurtasunaren kezka jaisten ari da, eta beste eremu horiek, etxebizitza, lana, ed enplegua seguraski gorantz doaz. Baina gu argi dugu guretzako segurtasuna dela lehenengo helburua. Ze hiri segurua bagara, hiri erakargarria izateko aukera izango dugu. Segurtasun eza badugu, oso oso gatz daukagu".