Kanboko Marienia eremuan joan den larrazkenean ogia egiteko landaturiko garia produktu kimikoekin pozoindatua izan dela salatu dute. ELB, Lurzaindia, Ostia, Le Cade eta Nahi Dugun Herria kolektiboek.
Jakinarazi dutenez, ekintza hori «bandalismoa» da eta Marieniako lurretan etxebizitza proiektuaren alde diren aktoreen jarrera agerian uzten du.
Eragileek azaldu dutenez, Marieniako dosierra oraindik justiziaren eskuetan da, eta, hala ere, garia legalki ereina izan zen joan den larrazkenean alokairu kontratua zuen lur batean. Haien ustez, gertakari honek erakusten du interes orokorra eta herritarren ongizatea bigarren mailan uzten dituztela, jende gutxi batzuen interes ekonomikoak lehenetsiz.
Gainera, aste honetan bertan ardiak bazkatzera eraman behar zituzten gari eremu horretara. «Zorionez, berantagatik laborariak ez zituen oraindik ezarri; bestenaz, ardiak pozoindatuko ziren», ohartarazi dute. Horrenbestez, ekintza horrek laborarien jarduera ez ezik, animalien osasuna eta elikadura kate osoa ere arriskuan jar zitzakeela nabarmendu dute.
Eragileen arabera, gertatutakoa ez da laborari baten aurkako erasoa soilik, baizik eta herritar guztien aurkakoa. Izan ere, tokiko eta kalitatezko elikadura sortzeko lanari kalte egiteaz gain, biodibertsitatearen kontrako eraso gisa ere ulertu behar dela adierazi dute.
Testuinguru zabalago batean kokatu dute auzia: gogorarazi dute Duplomb II legeak produktu toxiko batzuk berriz erabiltzeko bidea ireki nahi duela laborantzan, eta aldi berean Europar Batasunak merkataritza libreko akordioak sinatzen jarraitzen duela. Horrek guztiak, haien iritziz, tokiko elikaduraren deslokalizazioa eta laborantza iraunkorraren ahultzea dakar.
Horregatik, Marieniako lurra defendatzeko borrokan segituko dutela adierazi dute. Haien erranetan, promotore eta interes ekonomiko jakin batzuen mesedetan eginen litzatekeen urbanizazio proiektuaren aitzinean, laborantza balio handiko lurra babestea eta tokiko elikadura bermatzea dira lehentasuna.