Aste honetan Frantziako Senatuak autonomia lege proposamenaren kontra bozkatu du, eta korsikar abertzaleen kexua piztu du. Bazuen lau urte orain autonomia estatus bati buruzko lanak abiatuak zirela baina gaur egun zalantzan jarria da.
Yvan Colonnaren erailketaren ondotik izan ziren istiluen ondorioz hasi zen Beauvau prozesua. Ideia zen Korsikaren estatus berezi baten sortzea, hainbat autonomia pundurekin: hizkuntzaren ofizialtasuna, uharteko komunitate berezi baten ezagutzea, edota podere legegilea.
Asanblada nazionalak bozkatu baldin bazuen proposamena, astearte honetan Senatuak emendakinak bozkatu ditu pundu sentsibleenak kenduz. Azkenean, 181 senatarik kontra bozkatu dute, eta 134k alde.
Korsikar abertzaleek gobernuarekin zituzten solasak mozten dituztela adierazi dute. Korsikako Horizons diputatua den Laurent Marcangellik galdegin die prozesu horren salbatzea, uhartearen komunitate printzipioa abandonatzea podere legegilearen partea segurtatzeko. Baina iduri luke momentukoz abertzaleak ez direla horretan.
Ostegun honetan, Femu a Corsica Korsikako asanbladan gehiengoa duen alderdia bildu da. Militanteek adierazi dute Gobernuarekin solasetan berriz hasteko, hastapeneko testua beharko zela hartu. Bestenaz, erreferendum baten antolatzea galdegiten dute, urte hondarra gabe.
Ikusiko beraz ondoko asteetan eta hilabeteetan nolako segida ukanen duen aferak, eta ikusiko ere hauteskunde presidentzialek ze eragin ukanen duen.