LAB sindikatuak bat eginen du buruilaren hamarreko blokatze egunarekin

Udazkena beroa izanen dela iragarri du Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuko arduradunak. François Bayrou lehen ministroaren gobernuaren erortzeak ez duela arazoa konponduko uste du, aldaketa errotik eman behar delako.

LAB sindikatuak bat eginen du buruilaren hamarreko blokatze egunarekin
LAB sindikatuaren mobilizazio bat Biriatuko ordainlekuan, 2018an. LAB SINDIKATUA
Jose Luis Aizpuru
2025/09/03 08:07

Hurrengo asteazkenean blokatze eguna iragarria da Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, François Bayrou lehen ministroaren politika ekonomikoen kontra eta zorra apaltzeko iragarri dituen neurrien salatzeko. "Ekonomikoki geldiarazi behar dugu herrialdea" iragarria du sare sozialen bidez Gaitzituak gara mugimenduak, udan zehar loditzen joan den ekimena aurkezterakoan, eta LAB sindikatuak ere bere egin duena. Argitxu Dufau LAB sindikatuko arduradunaren arabera normal da ekimen horrekin bat egitea: "mugimendu hori haserre sozialaren erakusle da, eta guk partekatzen duguna".


Herritik sortzen diren bat bateko mugimenduetatik hurbil egon nahi du sindikatu abertzaleak, "batez ere justiziaren alde, eta banaketa soziala bultzatzen direnean". "Fiskalitate berri bat eta demokrazia gehiago galdegiten direnean, gu hor izanen gara", erran digu Goiz Berri emankizunean.

Astelehenean Bayrouren gobernua eroriko dela uste du LAB sindikatuko buruak, baina ez du uste François Bayrou denik benetako arazoa. "Arazoa orokorragoa da, eta mementoa heldu da dena aldatzeko, sistema aldatzeko. "Bayrou erortzen bada, eta bere gobernua, hobe, baina aldaketa errotik egin behar da, gauzak aldatu nahi baldin baditugu", gehitu du Argitxu Dufauk.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu