Bertzeak bertze, debekatuak ziren bi pestizida onartzea eta ur-biltegi erraldoiak baimentzen ditu lege berriak. Zatiturik bozkatu dute eztabaidatzeko aukera guti ukan duten diputatuak, eta berdin dira laborarien sindikatuak ere.
Frantziako legebiltzarrean diputatuen gehiengoak laborantzaren larrialdi-legearen alde bozkatu ondotik -296 alde, 224 kontra-, senatarien aldi izan zen atzo arratsaldean. Honela, lege honek ahalbidetuko du, bertzeak bertze, debekatuak ziren bi pestiziden erabilera: Azetamiprida eta Flupiradifurona. Gainera, ur-biltegi erraldoiak eta otsoen tirokatzea ere baimenduko ditu.
Haserre mintzatu da ELB sindikatuko Maritxu Lopepe, lege-proposamenaren kontra sinatu baitzuten 2 milioi pertsonek. Bestalde, ikuspegi demokratikotik ere, gogor gaitzetsi du legebiltzarrean zer maneratan bozkatu duten legea, ez baitzaie utzi diputatuei eztabaidatzen. ELB sindikatuari onartezina zaio lehentasuna ematea laborantza sail bati jendearen osagarriari baino.
Legebiltzarraren aitzinean milaka lagunek eta ehunka kolektibok protestetan parte hartu dute: Laborariak, hiritarrak, medikuak, ur-kudeatzaileak… Jakin behar da Ipar Euskal Herriko diputatuek kontra bozkatu dutela: Etxanizek, Dufauk eta Capdeviellek. Peio Dufauren azalpenak bildu genituen atzo Goiz Berri emankizunean.
Urgentziazko legearen alde agertu da, aldiz, FDSEA sindikatua. "Bozkatua izan den gehiena" sindikatuak idatzi duela azaldu du Eric Mazin Pirinio Atlantikoetako FDSEAren idazkari nagusiak, eta pestiziden gaiari ez dio garrantziarik eman. Gehitu du idorteari ihardukitzeko beharrezkoak direla ur-biltegi horiek, eta, horien eta legearen kontra egitea lehengaia ekoizten dutenen kontra egitea dela.
Zirimola politikoa ere izan da gaur, atzoko bozketaren ondotik: Monique Barbut, Frantziako trantsizio ekologikorako ministroak jakinarazi du dimisioa aurkeztuko duela, ez baitu bat egiten lege proiektu horrekin. Alta, Emmanuel Macronek ez dio dimisioa onartu, eta azkenean Barbutek azaldu du lehendakariak haren eta kontseiluen ministroaren babesa emanik, karguan jarraituko duela.