Maiatzaren lehenean mobilizatzeko deia egin dute sindikatuek, etorkizunean borroka eguna egon dadin

Frantziako gobernuak okindegietako eta lore saltegietako langileei maiatzaren lehenean lan egiteko aukera utzi nahi die, baina sindikatuek eta oposiziokoek horren kontra egiteko deia zabaltzen dute, biharko ohiko manifestaldietan.

Maiatzaren lehenean mobilizatzeko deia egin dute sindikatuek, etorkizunean borroka eguna egon dadin
Maulen eta Baionan, manifestaldi bateratuaren egitasmoa indartzen ari da maiatzaren lehenean. XIBEROKO BOTZA
Lorea Mailharrancin
2026/04/30 15:26

Frantziako gobernuak lege proiektu bat aurkeztu zuen atzo, maiatzaren lehenean lan egiteko arauak aldatzeko. Testuak aurreikusten du 2027tik landa okin eta lore-saltegietako langileak lanean jartzea, haien nahikeriaren arabera eta soldata bikoitzarekin. Bestalde, ekologistek eta SUD-Solidaires sindikatuak auzitegira eraman du Frantziako estatua, salatuz gaurdanik gobernuak lan inspekzioari eskatu diola maiatzaren lehenean lanean ariko diren okin eta lore-saltzaileak ez zigortzea, legea saihestuz.

Maiatzaren leheneko manifestaldian gai zentrala izanen da hau eta LAB, CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek mobilizatzera deitzen dute 11:00etan, Baionako Lan Burtsa aitzinean. Gaskoien plazan bukatuko da manifestaldia, aurrenekoz.

Maulen, 10:30ean emana da hitzordua Lougarot plazan manifestaldia egiteko. Ondotik aperitifa eta bazkari partekatua izanen dira Zinkan. Eta CGT sindikatuak Hendaian ere ematen du hitzordua 11:30ean, herriko etxeko plazan.

Interesgarri izanen zaizu